ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/27 18:01
Daniela Klette, Alemaniako Rote Armee Fraktion (RAF) hiri-gerrilla marxistako kide ohi bat, Berlinen atxilotu dute astelehen honetan, hiru hamarkadatan ezkutuan egon ondoren. Verdeneko (Alemaniako ekialdea) fiskaltzak "lapurreta armatua eta hilketa saiakera" leporatu dizkio.

Militante historikoaren atxiloketa RAFeko hiru kide ohiren aurkako telebistako polizia-programa ezagun bateko salaketa-kanpainaren estreinaldia eta bi astera gertatu da. Kanpaina horrek 250 pista eskaini dizkie indar errepresiboei. Markus Heusler auziko fiskalak baieztatu zuen Klette, honezkero 65 urte dituena, astelehenean atxilotu zutela Berlingo Kreuzberg barrutian. Emakumea RAFen "hirugarren belaunaldikoa" da, oraindik klandestinitatean jarraitzen duten Burkhard Garweg eta Ernst-Volker Staub burkideak bezala. Bi horiek ere edozein unetan atxilotuak izateko arriskuan daude.

RAFen hastapenak: lehen eta bigarren belaunaldiak

Joan den mendeko 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran, Alemaniak ikasleen asaldura-oldea bizi zuen, munduko beste herrialde batzuetakoaren antzekoa. 1967an Persiako Shak Mendebaldeko Berlinera (Alemaniako Errepublika Federala) egindako bisitaren ondoriozko protesten barruan eta Vietnamgo gerra inperialistaren aurkako elkartasun-olatuaren erdian, ikasle mugimenduko bi kide hil zituzten Poliziaren eta neofaxisten balapean. Giro horren erdian, militante marxisten belaunaldi berri bat sortu zen, lehenik osatuko zutenak SDSren (Sozialistischer Deutschen Studentenbund) edo Alemaniako Ikasleen Federazio Sozialistaren ezker hegala, eta gero sozialdemokratengandik banandu eta oinarri bihurtuko zirenak parlamentutik kanpoko oposizioa edo APO (Außerparlamentarische Opposition) sortzeko.

Mugimendu horietako kide aktibo batzuek RAF erakunde armatua sortu zuten 1970ean. Sortzailerik aipagarrienak Ulrike Meinhof, Andreas Baader, Gundrun Esslin eta Irene Goergens izan ziren. Handik gutxira erakundera batu ziren beste militante batzuekin batera, eta ekintza ikusgarriak egin zituzten: preso politikoak askatu zituzten, Amerikako Estatu Batuen (AEBak) base militarren aurkako atentatuak egin zituzten, bankuei lapurretak egin zizkieten, enbaxadetan bahituak hartu zituzten eta Hans Martin Schleyer SS nazien ofizial ohia eta Alemaniako patronalaren burua bahitu zuten. Gainera, nahiko koordinazio-maila aurreratua izan zuten beste herrialde batzuetako erakunde armatuekin eta mugimenduekin alderatuta.

RAFeko militanteen lehen belaunaldi horrek garesti ordaindu zuen egindakoa, ordea: Palestina Askatzeko Herri Fronteko (PAHF, euskarazko sigletan) komando batek RAFen beste bahiketa baten eskaerei elkartasuna adierazteko Lufthansako hegazkin bat bahitu eta egun gutxira, erakunde alemaniarraren zuzendaritzako lau kide hilda edo zaurituta agertu ziren Stammheimgo (Alemania) segurtasun handiko espetxean, non erabateko isolamenduan zeuden. Horietako bi bala-zauriekin hil ziren, beste bat urkatuta eta laugarren batek, Irmgard Möllerrek, hainbat labankadaren ondoren bizirautea lortu zuen. Ondoren, "Alemaniako Gobernuak antolatutako exekuzio estrajudiziala izan zela" adierazi zuen.

Hirugarren belaunaldia

Zuzendaritza historikoa espetxeko gertakari misteriotsu horien erdian desegin bazen ere, RAFek borroka armatuarekin jarraitu zuen 80ko eta 90eko hamarkadetan. Une hartan RAFen aritzen ziren kideak "hirugarren belaunaldikoak" izendatu zituzten, eta Alemaniako inteligentzia-zerbitzuen esanetan, hogei bat militantek eta 250 pertsona inguruko laguntza-sare batek osatzen zuten, gehienak ezezagunak.

Sasoi hartantxe aritu zen Klette erakundean, 1975etik mugimendu iraultzaileetako militante konprometitua zen arren. Hirugarren belaunaldiko beste kide batzuen kasuan ez bezala, Poliziak haren DNA aztarnak topatu zituen 2007an, RAFek kartzela berri baten aurka 1993an egin zuen atentatuaren frogetan, hain zuzen. Ekintza horretan, 200 kiloko lehergailu batek erabat suntsitu zuen Weiterstadteko espetxea, 60 milioi euroko kalte materialak utzi zituen eta ekintzaileak ez zituzten harrapatu, baina haien nortasuna ezagutzera eman zuten.

Erakundea 1998ko apirilaren 20an desegin zen, makinaz idatzitako zortzi orrialdeko ohar batekin. Honela zion Reuters agentziara faxez bidalitako oharrak: "Duela ia 28 urte, 1970eko maiatzaren 14an, RAF askapen-ekintza batean sortu zen. Gaur amaituko dugu proiektu hau. RAFen formako hiri-gerrilla historia da orain".

"RAFeko pentsiodunak"

1999ko uztailaren 20an, RAF desegin eta urtebetera, lau pertsona armatuk milioi bat marko lapurtu zituzten Duisburg (Alemania) hiriko kamioi blindatu batetik. Lapurreta hori "ezohikoa" izan zela esan zuen Polizia federalak, lapurrek granada-jaurtigailuak eta subfusilak erabili baitzituzten. Poliziak ziurtatu zuen Kletteren eta Volker Stauben DNA arrastoak aurkitu zituela bertan. Ondoren, susmagarritzat jo zuten kartzelaren aurkako atentatuan haiekin batera parte hartu zuen Garweg ere, inolako frogarik gabe.

2016an lapurreta gehiago izan ziren Alemanian kamioi blindatuen aurka, eta orduan ere hirukote horri leporatu zioten egiletza. Hasieran "RAF edo beste erakunde armatu bat birsortzeko asmoa" egotzi bazieten ere, ez zen halakorik gertatu. Beraz, "klandestinitateko bizitza finantzatzeko" egindako ekintzak izan zirela dio Poliziak orain, eta horregatik "RAFeko pentsiodunak" izendatu zituzten.

Alemaniako Estatu Federalaren inteligentzia- eta polizia-aparatu guztiek ez dute lortu hiru hamarkadatan ezkutuan bizi izan diren kide horiek harrapatzea, eta Kletteren atxiloketan ikusi denez, gutxienez horietako bat Alemaniako hiriburuan bertan bizi izan da. Dirudienez, behartutako klandestinitatean bizi diren militante ohiek lapurretei esker eutsi diote bizimodu horri.

NO HAY COMENTARIOS