Aste honetan, Cortesko (Nafarroa) emakume bat erail du bere senarrak Zaragozan. Astelehen arratsaldean izan zen hilketa, erdiguneko etxebizitza batean: 83 urteko gizonak kolpeka hil zuen 80 urteko andrea, eta, antza, mailu bat erabili zuen horretarako. Etxetik alde egin zuen gero hiltzaileak, eta gauean jo zuen polizia-agente batzuengana, hilketa aitortzeko; atxilotu egin zuten orduan. Dirudienez, gaur eramango dute epailearen aurrera.
Amaitzear da 2022. urtea, eta azken hilketa hau kontuan hartuta, Espainiako Estatuan 44 emakume hil dituzte indarkeria matxista tarteko. Berria egunkariak egindako zenbaketaren arabera, 2003tik, Euskal Herriko 116 emakume erail dituzte indarkeria matxista dela-eta.