Confebask patronalak mahai-inguru bat egin zuen atzo Bilbon (Bizkaia), enpresaburuen intereserako diskurtso bat sortzeko izenburu batekin: Euskadiko lan-absentismoa berrikustea eta aztertzea. Eusko Jaurlaritzak parte hartu zuen bertan, baita CCOO eta UGT sindikatuek ere. Saio horretan, "absentismoaren arazoari" aurre egiteko "itun bateratu bat" aldarrikatu zuen patronalak, "hiru C-ak [gazteleraz] oinarritzat hartuta": "Konpromisoa, Kolaborazioa eta Konfiantza".
"Lan-absentismoaren aldagaia erronka bat da gure enpresen produktibitaterako eta lehiakortasunerako", esan zuen Confebaskeko presidente Tamara Yagüek, patronalaren mesederako. "Lehiakorrak eta denboran iraunkorrak diren enpresarik gabe, ez dago enplegu onik, ezta biltzeko zergarik ere", gaineratu zuen.
Ustezko absentismoa eta alferkeria salatuta, patronala zuzenean ari da langileek baja hartzeko daukaten eskubideari erasotzen, baja hartzeko beharra izan ahal duten beharginak kriminalizatuz. Langileen eskubide horri kontra egiteko hainbat neurri hartu dituzte azken urteetan enpresaburuek eta agintaritzek; hala nola, baja arrunten kontrola eta kudeaketa mutualitate pribatuen esku uzteko pausoak ematea, osasun-sare publikotik aterata.
EITBk emandako datuen arabera, "absentismotzat" jotakoa %5,8koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 55 urtetik gorako gizonezko langileak omen dira, nagusiki, baja luzatzeko beharra daukatenak. EHNE-Etxalde, ESK, Hiru, LAB eta Steilas sindikatuek atzo adierazi zuten patronalak "arazotzat" jotzen dituela "langileen lan- eta gizarte-eskubideak", esaterako, baja hartzeko eskubidea bera.