ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/16 10:05

Mugimendu Sozialistaren barruan dagoen Coordinadora Juvenil Socialistak (CJS) manifestazio jendetsua egin zuen larunbatean Madrilgo erdigunean, eta gazte langileen artean garrantzia hartu duen indar politiko berri gisa agertu zen, hala. La Villako Plazan hasi eta Erreginaren Kasinoan amaitu zen mobilizazioa, eta 2024ko martxoan sortu zen CJSren lehen manifestazio propioa izan zen.

Sortu zenetik, CJSk helburutzat izan du gero eta erreferentzialtasun politiko handiagoa lortzea gazte langileen artean. Antolakundearen esanetan, hazkundearen gakoetako bat izan da borroka- eta antolaketa-eremu desberdinetatik etorritako ehunka gazte bateratzea, larunbatean kaleetan erakutsitako babesaren erakusgarri.

Martxaren ibilbidea hainbat aldarrikapen-ekitaldik markatu zuten, CJSk bultzatu nahi dituen borroka nagusietako batzuk islatzen zituztenak. Etxebizitzari dagokionez, "langile guztiek doako eta kalitatezko etxebizitza bat izateko eskubidea" dutela aldarrikatu zuten. Kanpo-Arazoetako Ministerioaren aurrean, manifestariek elkartasuna adierazi zioten Palestinako herriari, Espainiako Estatuko agintariek okupazioarekin eta apartheidarekin duten konplizitatea salatuz. Atochako abokatuak ere oroitu zituzten, faxistek 1977an eraildakoak, "borroka antifaxistaren oroimena bizirik mantentzearen garrantzia" azpimarratuz. Bestalde, Zaragozako eta La Suizako auzipetu sindikalistak ere izan zituzten gogoan.

Gaur egungo egoeraren analisia

CJSk egindako manifestazioaren oinarrian, gaur egungo egoerari buruzko azterketa bat zegoen, funtsezko hiru faktorek markatuta. Alde batetik, "gainbeheran dagoan krisi kapitalista" nabarmendu zuen, "hondamen globalean" sakontzen duten krisi ekonomiko, ekologiko eta beliko etengabeekin. Palestinako genozidiotik hasi eta muturreko desberdintasunetaraino, antolakundeak uste du kapitalismoak "bere gainbehera luzea" daukala parez pare, eta "politika iraultzaile bat azaleratzeko gero eta baldintza gehiago sortzen" dituela horrek.

Bestalde, ezker erreformistaren porrota nabarmendu zuten CSJko kideek. Gogora ekarri zuten azken bi hamarkadetan "esperimentu populistek eta erreformistek erakutsi dutela ez direla gai benetako konponbideak eskaintzeko". Syriza bezalako adibideekin Grezian, AEBetako ezkerrak Bideni emandako babesarekin eta "Espainiako Estatuak egindako promesa faltsuekin", sektore politiko horrek "sinesgarritasuna eta maniobra-tartea galdu" dituela seinalatu zuten, "ortzi-muga politikoan hutsune bat utziz".

Egungo egoerari buruz aipatu zuten hirugarren elementua gorakada erreakzionarioa izan zen: "Benetako alternatiba baten faltan eta etorkizun zalantzagarri batekin kapitalismoaren pean, ultraeskuina herritarren nahigabea bereganatzen ari da, biztanleriako sektore zabalen beldurra eta etsipena esplotatzen dituen alternatiba faltsu gisa sendotuz".

Porrota gainditzea

Manifestazioaren bukaeran Erreginaren Kasinoan egindako mitinean, CJSko bozeramaileek "sistema kapitalistari aurre egingo dion eta gazte langileen eskaerei erantzungo dien alternatiba iraultzailea bat" eraikitzeko beharra nabarmendu zuten. Ezinbestekotzat jo zuten "nahigabea eraldatzeko eta porrotetik ateratzeko antolatzea". Mobilizazio horrekin, CJSk bere burua kokatu nahi izan du, ez bakarrik hazten ari den antolakunde gisa, baizik eta "gazte langileentzat proiektu politiko eraldatzaile bat artikulatzeko gaitasuna duen indar gisa".

NO HAY COMENTARIOS