ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Gasteizberri.com
2025/08/25 13:06

Urtea hasi zenetik, eta azken sute izugarriak kontuan harturik, 400.000 hektarea inguru erre dira aurten Espainiako Estatuan, 224 sutetan. Horiexek dira Europar Batasuneko zenbaketa-sistemek aurreko astean emandako azken datuak, Galizian, Gaztela eta Leonen edo Extremaduran hainbat sute bizirik zeuden bitartean. Espainiako Gobernuaren arabera, abuztuaren 8an, hamalau ziren urtea hasi zenetik gertaturiko sute handiak (500 hektarea baino gehiago erretzea eragin dutenak hartzen dira handitzat).

Orain arte, 2022koak ziren errekorrak: urte horretan 306.555 hektarea erre ziren, baina kantitate hori gainditu da aurten dagoeneko, oraindik abuztua bukatu ez den arren (azken hiru hamarkadetako urterik larriena izaten ari da). Aurreko astean soilik, 200.000 hektareak baino gehiagok hartu zuten su, eta EITBk jasotako datuek diote 31.000 lagunek baino gehiagok utzi behar izan dituztela euren etxeak. Uztailetik hona suteen eraginez hildakoak, gainera, sei dira gutxienez.

Suteen jatorria zalantzazkoa da oraindik, baina indartsua da eragindakoak izan daitezkeelako mamua: aurreko astean jakinarazi zuten, ordura arte, 31 pertsona atxilotu zituztela suteei loturik eta 92 zeudela ikerketapean. Aurreko astean, 26 sute zeuden bizirik, eta joan den asteburuan hamasei bat ziren.

CJS: "Errudunak daude"

"Suteak gaitz esplikaezin gisa aurkeztu nahi dituztenen aurka, hemen errudunak daudela azpimarratu behar dugu", seinalatu du Coordinadora Juvenil Socialistak (CJS). Eta aurreneko erruduna, hain zuzen ere, "gehiengo langilearen eta naturaren beharrak bigarren mailakotzat" dituen Estatua dela uste du: "Suteen prebentziorako partidak modu basatian murriztu dira, eta 2009an baino maila baxuagoetan daude. Baso-suhiltzaileek gutxiegi izaten jarraitzen dute, eta prekaritate handiko baldintzei egin behar diete aurre. Esaten digute ez dagoela dirurik dena erre ez dadin, eta gezurra da. Horren ordez, armetan gastatzen dute, edo oligarkiaren poltsikoak era batera edo bestera gizentzen".

"Horren errua ez dute ekologistek, ezta gizabanako isolatuek ere. Natura suntsitzen duen eta irabazia ez den guztia axola ez zaion sistema bat da errudun nagusia", jarraitu du CJSk. Beraz, "sistema honen kudeatzaileen erantzukizuna" salatu eta "suteen izugarrikeria ikustean sentitzen dugun amorrua haiengana zuzentzeko deia" egin du gazte-antolakundeak.

NO HAY COMENTARIOS