ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/09 10:54

Albaceten egin du agerraldi bat Coordinadora Juvenil Socialistak (CJS), Partido Comunista de España (PCE) alderdiko burokraten partetik jasaten ari den jazarpena azaltzeko eta salatzeko. Egoerari testuingurua jartzeko, CJSko kideek gogorarazi dute PCEko gazte komunista gehienek aurreko urtean hautsi zutela alderdi horrekin, Mugimendu Sozialistara batzeko; besteak beste, gerora aurkeztutako CJSra bertara.

Apurketa hori izan zenean, PCEko zuzendaritzak eta alderdia utzi zuten militanteek hainbat baldintza adostu zituzten. Hitzartutako baldintzetako bat izan zen, adibidez, Albaceteko gazteen esku geratuko zela bertako ferian ordura arte jarritako kaseta.

Trabak gazte komunisten Albaceteko stand bati

Gerora, baina PCEko burokratek ez dute adostutakoa bete: udan zehar, alderdia utzi zuten hainbat gazte komunistari telefonoz deika jardun dute, mehatxu egiteko. Besteak beste, esan diete prozedura judizialak irekiko zituztela euren kontra, aipatutako kaseta uzten ez bazuten.

"Egoera horri gehitu behar zaizkio, gainera, duela urtebete baino gehiagotik Alderdiko [PCE] hainbat pertsonengandik maila pertsonalean jaso ditugun jazarpena eta xantaia, bai eta maniobra judizialak eta administratiboak ere, azokatik aste batzuetara standa muntatzeko aukerarik izan ez dezagun", azaldu du CJSk. PCEk ez du aitzitik inolako posturik jarri, "modu horretan, ferian proiektu militante batek kudeatzen zuen azken standa kenduz", hamarkada baten ostean.

Egoitzen lapurreta, eta kolaborazioa Poliziarekin nahiz Barne Ministerioarekin

CJSk jakinarazi du, dena den, Albacetekoa ez dela izan jazarpen kasu bakarra: beste hainbat tokitan ere jo du gazte komunisten kontra PCEko zuzendaritzak, "xantaia pertsonalak eta mota guztietako jarrera mafiosoak" tarteko. Adibidez, gazteek euren lan politikorako erabiltzen dituzten hainbat egoitzatara indarrez sartu dira PCEko burokratak, eta Poliziaren eskutik egin dute hori.

Hori gutxi balitz, CJSk salatu du "errepresio poliziala errazten" ari dela PCE. Izan ere, Espainiako Barne Ministerioari laguntzen ari da, "askotariko antolakundeetako eta kolektiboetako militanteei buruzko txostenak" idatzi baititu beretzat, Palestinaren askatasunaren aldeko kanpaldien harira esate baterako.

Marra gorriak

CJSk seinalatu duenez, PCEren gaur egungo zuzendaritza erakusten ari da "estatu burgesaren errepresio-aparatuaren beste zutabe bat" dela, eta bere "koldarkeria" ere agerian uzten ari da. Gaineratu du "marra gorri bat" dela "militanteak mehatxatzea, xantaia egitea eta errepresioa erabiltzea jarduera politiko independentea oztopatzeko"; eta, beraz, erantzuna ez dela mugatuko mehatxatutako pertsona horietara edota Albaceteko gazteetara.

"Uneoro defendatuko ditugu gure jarduera politikoaren baldintzak", aldarrikatu du CJSk. Dei egin die "militante iraultzaile guztiei, Mugimendu Sozialistakoak izan edo ez, publikoki salatzera eta komunistaz mozorrotutako estatuaren indar horren [PCE] aurrean babestera". Ohartarazi du berriki jasandako erasoak ez direla jarrera berriak PCEren partetik, baina "onartezina" dena "arau" bilakatu dela orain, eta aurre egin behar zaiola zuzendaritzaren jardun mafiosoari.

"Miseria kapitalistaren eta hura defendatzen duten burokraten aurka antolatzen jarraituko dugu", esan du CJSk: "Jarrera mafiosoek ez gaituzte kikiltzen eta ez gaituzte kikilduko. PCE parte den Kapitalaren Alderdiaren aurka antolatzen jarraituko dugu, eta irmotasunez eta determinazioz egingo dugu".

CJS, martxan

Joan den martxoan eman zuten CJSren sorreraren berri, "gazte langileentzako erreferente izango den antolaketa politiko handi bat eraikitzeko lehen urrats" gisa. Ordutik, Espainiako Estatuko hiri ugaritan aurkeztu dute antolakunde berria, lanerako abiapuntutzat izango duen proposamen politikoarekin batera.

NO HAY COMENTARIOS