ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Europa Press
2024/07/24 10:31

Iaz, 2023an, Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak sindikatuei bideratutako 17 milioi euroko dirulaguntzak onartu zituen, 2022ko zifra berbera. Soilik CCOO eta UGT sindikatuen artean, dirulaguntza horien %72 jaso zuten. Zehazki, CCOOk 6,4 milioi euro jaso zituen eta UGTk, berriz, 5,8 milioi. Pentsa liteke Lan Ministeriotik jasotako dirulaguntza hori sindikatuek jasotzen duten iturri publikoko laguntza bakarra dela, baina ez da hala.

Hasteko, bi sindikatuak federazio edo konfederazio txikiagotan banatzen dira estatuko lurralde guztian zehar eta, horrez gain, badituzte hainbat fundazio edota elkarte ere, sindikatuen parte direnak. Gainera, ia ministerio guztiek eta horietako bakoitzak dituzten idazkaritzek dirulaguntzaren bat ematen diete bi sindikatu ofizial nagusiei. Ondorioz, hasieran aipatutako 17 milioi euro horiek gutxienekoa dira, eta beraz, jasotako diru publiko guztiaren batuketa egitea zaila da.

Hala ere, posible da gutxi gorabeherako kalkulu bat egitea. Laboro aholkularitza-enpresak azken lau urteotan (2020-2024) bi sindikatuek jaso dituzten dirulaguntzen inguruko datuak bildu ditu: Hego Euskal Herriari dagokionez, UGTren marka ezberdinek gutxienez 2,1 milioi euro jaso dituzte osotara; 1,1 milioi euro Euskal Autonomia Erkidegoan eta beste milioi bat Nafarroan. CCOOren kasuan, gutxienez 2,7 milioi euro jaso ditu osotara; 1,7 milioi euro EAEn eta 990.453 euro Nafarroan. Hau da, soilik EAE eta Nafarroa kontuan hartuta, gutxienez 4,8 milioi euro jaso dituzte guztira bi sindikatuek.

Espainiako Estatuko zifrak

Espainiako Estatu osoan, 2020tik hona, UGT sindikatuak zuzeneko 1.134 dirulaguntza jaso ditu, eta CCOOk beste 1.539. Laguntza horiek guztiak batuta, UGTk 202 milioi euro jaso ditu gutxienez, eta CCOOk beste 179 milioi euro, Laborok emandako datuen arabera. Beste modu batera esanda, azken lau urteotan, bi sindikatuek batera 381 milioi euro kobratu dituzte gutxienez, dena dirulaguntza publiko bidez.

Aipagarria da, dirulaguntzen jatorria zehaztea zaila bada ere, are zailagoa dela laguntza horien helburua edo emateko arrazoia zein den jakitea, ez administrazio publikoak ez sindikatuek ez dutelako daturik ematen laguntza horien arrazoia argudiatzeko, edota zertara bideratzen diren argitzeko.

PSOEren fundazioen ustelkeria agerian

Aipatutako fundazioek berebiziko funtzioa betetzen dute sindikatuen eta alderdi politikoen ustelkeria sistemikoan. Iaz epaitu eta erruduntzat jo zuten Fernando Villén Andaluziako Juntako goi-kargua eta PSOEko kide zena, 2004 eta 2010 artean Faffe (Fundación Andaluza de Fondo de Formación y Empleo) erakundearen funtsak prostituzioan xahutzeagatik. Andaluziako PSOEko enplegu-arloko buruzagi zenak jatorri publikoko 32.000 euro inguru gastatu zituen prostituzio-lokaletan; 14.000 euro inguru gau bakarrean.

Andaluziako Juntak ematen zion dirua Fafferi, eta bistan denez, diru horren erabilera ez zen batere gardena eta inork ez zion arretarik jartzen, Villenen kasuak eztanda egin zuenera arte. UGTren eta CCOOren fundazioen finantziazioak antzeko moduan funtzionatzen du, eta ia erabateko misterioa da zertan xahutzen duten dirua.

NO HAY COMENTARIOS