ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/13 10:18

Arrisku bizian jarraitzen du Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxeak. Udalak eraikina eraitsi nahi du uholdeei aurre egiteko obrengatik, eta, oraingoz, ez du inolako alternatibarik proposatu Gaztetxearen etorkizuna bermatzeko. Burlatako Gazte Asanbladak urtebete darama, berehalako desalojo arrisku horretan, konponbide bat bilatu nahian. Berriki salatu du, ordea, "borondate eza" dela nagusi EH Bildu buru duen udalaren partetik, eta erabat ziurgabea dela egoera Gaztetxearen biharrari dagokionez.

Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dute proposamen bat egin ziotela udalari, "Gaztetxe baten jarduna aurrera eramateko espazio batek behar dituen ezaugarriak kontuan hartuta" eta "udalaren jabetzako espazioak zein diren jakinda": Gaztetxea Egunsenti izeneko eraikinera tokialdatzea. Gazteek azaldu dutenez, eraikin horren zati bat Hiru Herri Atletiko Taldeak erabiltzen du, hura ere inolako espaziorik gabe geratu baitzen 2022an, lehengo Gaztetxea eta atletismoko instalazioak aldi berean eraitsi zituenean udalak. Horren ondorioz, Hiru Herrik Egunsenti eraikinera lekualdatu behar izan zituen aldagelak eta bestelako erabilerak, baina zati bat ez dute erabiltzen gaur egun. "Eraikin horren dimentsioak ezagututa", espazioa bitan banatzea eta bai Hiru Herriren bai Gaztetxearen erabilera bertan bermatzea proposatu zuen Gazte Asanbladak.

Burlatako Udalak, baina, proposamena baztertu du. "Gaztetxearen jarduna aurrera eramateko ezaugarriak betetzen ez dituen espazio bat eskaini zigun: ORVE bulegoa", ekarri du gogora asanbladak. "Aukerarik onena ez zela jakinda ere", gazteek "negoziatzeko prestutasuna" erakutsi zuten, baina lau berme eskatu zizkioten udalari: "espazio publikoetarako sarbidea bermatzea urtean hainbatetan, kontzertuetarako zein bestelako ekimen kulturalen antolaketarako", ORVE bulegoak ez duelako horretarako aukerarik ematen; "aurrerantzean jaietan gure txoznagunea jartzeko leku egoki bat adostea", eraisketarekin asanbladak ezingo duelako "orain arteko lekua mantendu"; "gure materiala independenteki gordetzeko eta kudeatzeko biltegi bat zehaztea", ORVEn ez dagoelako nahikoa lekurik "urtetan zehar metatu dugun material guztia biltegiratzeko", eta "Hiru Herrirentzako eraikin berria eraikitzen denean Gaztetxea Egunsentira lekualdatzea". Udalak ezezkoan jarraitzen du, ordea, eta bere jarrera gaitzetsi du asanbladak: "Eskaera horien helburu bakarra proiektuarekin aurrera egiteko bermeak edukitzea den arren, udalak entzungor egin die".

Obrak martxoan?

Asanbladako kideek irailean ohartarazi zuten bere horretan segitzen zuen arriskuaz, eta abisua eman dute oraingoan ere: "ia ez da aurrerapenik" egon azken urtean. Izan ere, ematen du datorren martxoan hasiko direla Nogalera 2025 proiektuari lotutako obrak; eta, horrekin batera, Burlatako Gaztetxea botatzeko lanak. "Adostasun ezak egoera guztiz larri bilakatzen du", dio Gazte Asanbladak: "Gaztetxea eta haren jarduna bermatzeko baliabide nahikoa dago, eta beraz, udalaren borondatea da gakoa momentu honetan. Orain arteko borondate ezak [Gaztetxearen] proiektua desagerpenera kondenatzen du".

Azken urteetan etengabe egin bezala, gazteek "Gaztetxearen defentsa antolatzeko hautua berretsi" dute. Udal-gobernua osatzen duten alderdi politikoei (EH Bildu, Zurekin Aldatuz eta Geroa Bai) eskatu diete "konponbide adostu baten alde" egin dezatela; eta, udalak orain arte erakutsitako borondate faltaren kontra, Burlatako Gaztetxea defendatzera deitu dute.

NO HAY COMENTARIOS