ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/30 12:13

Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxea eraitsi nahi du bertako udalak, eta desalojoa "berehalakoa" izan daitekeela ohartarazi dute Burlatako Gazte Asanbladako kideek. Arga ibaiaren inguruan Nogalera 2025 deituriko proiektua gauzatzeko asmoa du udalak, eta horrekin aurrera eginez gero, Gaztetxea botako dute.

EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Aldatuz taldeek osatzen dute gaur egungo udalbatza, eta horien guztien ardura seinalatu du Gazte Asanbladak: Gaztetxea arrisku-egoeratik ateratzea ekidin dute talde guztiek. Hala, "alternatibarik gabeko desalojoa da Gaztetxearen auziari eskaintzen dioten irtenbide bakarra", gazteek salatu dutenez.

Gazte Asanbladak ekainean eman zuen Gaztetxearen egoeraren berri, baina ez du berririk izan ordutik. Badirudi Nogalera 2025 proiektuarekin aurrera egingo duela udalak, eta "Gaztetxearen biziraupena arriskuan jartzen" duen arren, elkarrizketei "oztopoak eta blokeoa" besterik ez dizkiote jarri udal taldeek, asanbladako kideen hitzetan. Izan ere, asanbladak "mahaigaineratutako proposamen guztiei ezezkoa eman die gobernu-taldeak" eta, hori ez ezik, "proposamen horiek eztabaidatzeko tarterik" ez du eman.

Desalojoaren berri izan zutenetik zortzi hilabete igaro diren arren, "hasierako puntu berdinean gaude oraindik ere", eta "Gaztetxearen proiektua alternatibarik gabe amaitzera kondenatzen dute". Udalaren arduragabekeria ere seinalatu dute Burlatako gazteek, euren "eskaerei entzungor egin" dielako eta ezarritako "datak berariaz luzatzen ibili" delako.

Proiektuari buruzko gorabeherak asanbladari azaltzeko konpromezua hartu zuen udalak, baina "bere hitza ez du bete". Hala, "bestelako bideak" baliatu behar izan dituzte gazteek proiektuaren berri izateko: momentuz, ez dakite Gaztetxea noiz eraitsi nahi duten ere.

Berehalako desalojoari aurre egingo diote

Hala ere, asanbladak uste du hurrengo hilabeteetan jasoko duela Gaztetxea husteko agindua. Nabarmendu duenez, instituzioek "ez dute inolako interesik antolakuntza independenterako espazioak egon daitezen", eta "bide burokratikoak beste mekanismo bat besterik ez dira, horrelako espazioak menderatzeko eta desagerrarazteko".

Hortaz, borroka egiteko deia zabaldu dute Gaztetxeko kideek: "Asanbladatik borroka-prozesu bat aurrera eramateko hautua egin dugu, eta bide ezberdinak aztertuko ditugu Burlatak antolakuntza independenterako espazioak eduki ditzan".

Halako espazioen biziraupena bermatzeko modua, besteak beste, "hurrengo hilabeteetako deialdietan eta mobilizazioetan" parte hartzea dela iritzi diote gazteek. Gaztetxearen aldeko borrokara batzeko deia zabaldu dute, eta udaleko gobernu-taldeari dei egin diote "negoziatzeko prestutasun erreala" erakustera.

NO HAY COMENTARIOS