ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2021/06/16 17:20

Bulegoetako eta eraikinetako garbitzaileek grebara jo zuten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala, hiru herrialdeetako hiriburuetan mobilizazioak egin zituzten; Gasteizen, Bilbon eta Donostian. "%90ean feminizatutako sektorea" dela ohartarazi dute beste behin, bai eta horretan jarduten duten emakumeen soldata "kale-garbiketa maskulinizatuan baino %33 baxuagoa" dela azaldu ere.

Aipatutako sektoreko lan-gatazketan ohikoa denez, Eusko Jaurlaritzak greba eskubidea de facto ukatu zien langileei, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita. Debekuak debeku, azpi-sektore guztietako beharginek babestu zuten greba, "lan hitzarmen kolektiboen negoziaketetan eragiteko asmoz".

Diru-sarrerak

Indarrean den hitzarmenaren arabera, esaterako, urteko 15.900 euro gordin jaso beharko lituzkete Bizkaiko bulegoetako garbitzaileek. Datu garbietara joanda, ordea, 13.400 euro ingurukoa izaten da zenbatekoa. Gainera, urtean hamabost ordainketa dituztenez, 893 euroko soldata dute finean. Hori lanaldi osoan dauden langileen kasua da, izan ere, beste hainbatek lanegun murriztua dutela gogorarazi dute iturri sindikalek: "Bost orduko lanaldia izan eta bost tokitan lan egiten dutenak badaude".

Iruzurrak

Lan-erregimen horretako bestelako problematikak ere seinalatu dituzte grebalariek, hala nola, "behin-behinekotasun tasa handiak" nahiz "lan-karga handiko uneen arazoa". Azken horri dagokionez, ondokoa azaldu du ELA sindikatuak: "Kontratu lehiaketak irabazteko, garbiketa enpresek eskaintza oso baxuak egiten dituzte, eta errentagarriago izateko, ez dute ordezkapenik egiten".

H&Mko borroka

Eraikinen garbiketa-zerbitzuetan ez ezik, bestelako sektore feminizatuetako langile mugimenduak ere izan du zeresanik egun hauetan Hego Euskal Herrian. Izatez, apirilaren 22an abiatutako greba mugagabearen ostean, H&M enpresako langileek "Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako lantokietan pertsona bakar bat ere kaleratua ez izatea eta lan-baldintzen funtsezko aldaketarik ez aplikatzea" lortu dute. Espainiako Estatu mailan, CCOO eta UGT sindikatuek kontrakoa adostu dute patronalarekin.

NO HAY COMENTARIOS