ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2018ko manifestazio bat Iruñean, talde bortxaketa baten epaiaren aurka. Argazkia: Euskalerria Irratia
2020/11/11 12:43

Mozkortuta egotearen salbuesle osatugabea aitortu diote Nafarroako Auzitegiko epaileek bortxaketagatik zigortutako gizon bati. Hau da, alkoholdun edari kantitate "oso handia" hartu izana zigorra arintzeko argudio modura erabili dute atzo argitaratutako sententzian, horren ondorioz "haren gaitasuna oso kaltetuta" zegoela-eta. Epaileen hitzetan, "ukaezina" da asko edan zuela, eta argudio salbuesle horrekin, bost urteko zigorra jarri diote, fiskaltzaren bederatzi urteko eskaria beheratuta.

2018ko abuztuan gertatu zen bortxaketa, pasa den urriaren 20ko epaiketan frogatutzat joa. Etxe batean bakarrik zeudela eraso zion emakumeari 61 urteko gizonezkoak. Komunetik logelara zihoala, "iletik heldu eta ahoz gora bota zuen ohe gainera, eta aurpegian jo zion". Besoetatik heldu ostean, bortxatu egin zuen. Emakumea erasotzaileagandik defendatzen saiatu zen, eta etxetik irten eta SOS Nafarroa zerbitzura deitzea ere lortu zuen.

Erasoaren ondorioz, azaleko bi higadura eta tumefakzio arin bat jasan zituen emakumeak ezkerreko lokian eta eskuineko masailezurreko adarrean. Trauma osteko estres-nahasmendua ere badu, eta, beraz, tratamendu psikiatrikoa behar izan du. Bost urteko kartzela zigorraz gain, beste bost urterako zaintzapeko askatasuna ezarri diote erasotzaileari. 12.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, bestalde, emakumeari.