Langile-borrokaren oroimenerako plaza bilakatu dute gaur Gasteiz, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenean. Goizeko ikasle-greba jendetsuaren ostean, hamaika ekitaldi eta mobilizazio izan dira egunean zehar: besteak beste, Bloke Sozialista bat egin dute arratsaldean Gasteizko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Borroka ez da eten, Gazte eta ikasle langileok haustura politikoa lelopean. Iparraldetik abiatu eta Probintzia Plazan amaitu da manifestazioa, eta duela mende erdia Polizia Armatuak eraildako bost beharginen irudiak ondoan zituztela, hitza hartu dute Mugimendu Sozialistako kideek.
"Duela 50 urteko martxoaren 3an, sistema zapaltzaileko agintariek langile-borrokaren indarra eraitsi nahi izan zuten; ordena berreskuratu. [...] Greba orokorrean parte hartzen ari ziren langileei bortizki erasotu zieten Zaramagako San Frantzisko elizan; Polizia frankistak ehunka langile zauritu zituen, eta tirokadaz hil zituen horietako bost: Pedro Maria Martinez Ocio, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia, Bienvenido Pereda Moral, Francisco Aznar Clemente", ekarri dute gogora. Oroitarazi dute garai hartako langile-mugimendua hilabete luzez egon zela borrokan, eta "langile-borroka haren ezaugarriak gazte eta ikasle langileon egungo borroketarako adibide eta eredu direla".
"Lan- eta bizi-baldintzen zein eskubide politikoen aldeko borrokak hiriko langileria elkartu zuen, hasierako borroka sektorial ekonomikoetatik greba orokorrera arte. Patronalaren eta agintari frankisten aurka, langileriak klase-batasuna eta elkartasuna izan zituen ardatz", laburbildu dute hitzartzean: "Hilabete horietako borrokak sistema kapitalista eta frankistaren aurkako aldarriak zabaldu zituen, kapitalismoarekiko hausturaren beharra adieraziz, eta gaur ere kalera dakargu aldarri hori bera [...] Inoiz baino garrantzitsuagoa da bizi dugun oligarkiaren ofentsiba-testuinguruan kapitalismoaren aurkako aldarriak zabaltzea".
Mugimendu Sozialistak ezinbestekotzat hartu du "alternatiba iraultzailea eraikitzea", eta duela 50 urteko langile-borroka gogoan, eredutzat jo du "Gasteizko langileriak behinola adierazitako antolakuntza eta borroka-grina". "Zapaltzen gaituen sistemarekin haustea dagokigu, eta klase-batasuna oinarri, gizarte sozialistaren alde borrokatzen jarraitzeko hautua egin dugu", gaineratu du. Martxoaren 3an bizia galdu zuten beharginek eta garai hartako langile-borrokak bide hori argituko dute.