Martxoaren 3an, milaka ikaslek hartu dituzte Gasteizko kaleak IASen deialdira batuz

Gasteizko sarraskitik mende erdia beteko den honetan, grebara jo dute ikasleek, 1976ko martxoaren 3an Polizia Armatuak eraildako grebalarien oroimenez. Goizean goiz mobilizatu da ikasle andana, hezigunez hezigune "Borroka ez da eten" esanez eta kaleak hartzera deituz. 11:30ean, berriz, Andre Mari Zuriaren Plazan elkartu da jendetza; Gasteizko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, manifestazio bati ekiteko.

Duela 50 urte greba orokorrak hartu zituen Gasteizko kaleak, eta borroka hori omendu du gaurkoan ikasleriak: erdiguneko kaleak gurutzatu dituzte Borroka ez da eten. Ikasle langileok haustura politikoa lelopean. "Bide-orri iraultzailea" aldarrikatu du IASek manifestazioaren amaieran, "garai hartako antolakuntza eta borroka-grina eredu hartzea" eta "klase-batasuna oinarri hartuta sozialismoaren aldeko bideari eustea" ezinbestekotzat joz. 

"Mende erdia bete da frankismoak Gasteizko langile-borroka suntsitu nahi izan zuenetik, Zaramagako elizan grebalariei bortizki erasotu eta Polizia frankistak bost langile tiroz hil zituenetik", ekarri du gogora ikasle-antolakundeak: "Hilabete luzez luzatu zen borroka hura eta erakutsitako klase-batasuna gaur egungo borroketarako eredu dira".

Gaurko erronkak

Egungo egoerara jota, "kapitalismoaren aurpegi gordinena azaleratu" dela azaldu du IASek, "langileen pobretzeari, indarkeria matxistari, militarizazioari eta inperialismo basatiari" erreferentzia eginez. "Hori gutxi ez, eta Gasteizera inpunitate osoz Poliziak babestuta gerturatzen dira alderdi faxistak; horren adibide dira Vox eta Espainiako Falangea".

Antolakundeak uste du funtsezkoa dela, horri guztiari aurre egiteko, "ezker parlamentarioaren erreformismoa baztertzea eta, sistema kapitalistarekin haustera bidean, langileon bide-orri iraultzailea eraikitzea". Eta gaineratu du: "Zapalkuntzarik gabeko gizarte bat lortzeko bidean, ikasle-mugimendu antifaxista eta antikapitalista zabal bat osatzea ezinbestekoa da, gizarte osoa mobilizatzeko motore izango dena".

Bloke Sozialista arratsaldean, 17:30ean Iparraldetik

Goizeko ikasle-grebaren eta manifestazioaren ostean, Mugimendu Sozialistak beste hitzordu bat jarri du arratsalderako: Bloke Sozialista bat antolatu du, 17:30ean Iparraldetik irtengo dena. ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek nahiz Martxoak 3 elkarteak 18:30erako egin dute deialdi bat Katedral Berrian.