ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/30 10:31

40.600 milioi tona karbono dioxido isuri ziren munduan 2022an, inoizko zifrarik handiena. Oxfam Intermon erakundeak iaz kaleraturiko Berdintasun Klimatikoa txostenaren arabera, %1 aberatsenak (77 milioi) munduko biztanleriaren bi heren pobreenek (5.000 milioi) bezainbeste kutsatzen du. Gutxiengo horrek sortzen dituen isurketek 1,3 milioi lagunen heriotza eragingo dute 2030. urtera bitartean, aldaketa klimatikoari loturiko arrazoiak direla medio.

2019an, biztanleriaren %1 aberatsenak munduko isurketen %16 sortu zituen, eta %10 aberatsenak isurketa guztien erdia. Datu horiek eskuan, gizateriaren %99 txiroenaren parte den edozein pertsonak 1.500 urte beharko lituzke, urtebetean milioidun handiek kutsatzen dutena beste kutsatzeko.

%1 aberatsenak (77 milioi) munduko biztanleriaren bi heren pobreenek (5.000 milioi) bezainbeste kutsatzen du

GEDAR LANGILE KAZETAk aurretik adierazi izan duenez, aberatsenen isurketa horien gehiengoa ez dagokio aisialdiko luxu subjektiboei; alderantziz, datuek argi adierazten dute burgesiaren kutsaduraren %70 ekoizpen-harremanetan duen posizioa mantentzeko egindako inbertsioetatik datorrela. Hala ere, interesgarria da luxuak zenbateko kutsadura eragiten duen aztertzea.

Hegaldi pribatuak Europan

Hegaldi edo jet pribatuak luxu kutsatzailearen adibide paregabea dira. Bada, halako hegaldi pribatuen kopuruak gora egiten jarraitu du azken urteetan. Joan den martxoaren 30ean, Greenpeacek Europako hegazkintza pribatuaren CO2 isurketak txostena kaleratu zuen. Bertako datuen arabera, %64 hazi ziren 2022an Europako jet pribatuen hegaldiak: 2021ean 350.078 izatetik, 572.806 izatera.

%64 hazi ziren 2022an Europako jet pribatuen hegaldiak

2022ko hegaldi pribatuak aintzat harturik, 3.385.538 tona CO2 eragin zituzten, hau da, urtebetean Afrikako 3,3 milioi biztanlek sortzen dutena bezainbeste. Horrez gain, hegaldi horien %55 distantzia motzekoak edo oso motzekoak ziren, alegia, 750 kilometro baino gutxiagokoak. Orotara, aurreko hiru urteetan, 1.041.640 hegaldi egin ziren jet pribatuetan Europan. 2020 eta 2022 artean, hegaldi horien kopurua %382 hazi da.

Hegaldi pribatuak Espainiako Estatuan

Greenpeacen txostenak estatuen araberako xehatzea ere eskaintzen du: Espainiako Estatua laugarrena da Europar Batasuneko herrialdeen artean hegaldi pribatuen kopuruari dagokionez. Zehazki 45.633 izan ziren iaz, Europar Batasuneko %8, alegia. Hegaldi horiek guztiek 243.900 tona CO2 isuri zituzten atmosferara, hots, 2021ean baino %92 gehiago. Oro har, aurreko urtearekin alderatuta, %74 hazi ziren hegaldi pribatuak 2022an. Bestalde, Oxfam Intermonen txostenaren arabera, estatuko %1 aberatsenak biztanleen %25ek bezainbeste kutsatzen du.

Aurreko urtearekin alderatuta, %74 hazi ziren hegaldi pribatuak 2022an Espainiako Estatuan

Hegaldi pribatuak Frantziako Estatuan

Frantziako Estatuaren kasuan, 84.885 hegaldirekin, Europar Batasuneko lehenengo postuan kokatzen da. 2022an %55 handitu zen jet pribatuetan eginiko hegaldien kopurua eta, osotara, 383.100 tona CO2 isuri ziren hegazkin horiekin, aurreko urtean baino %93 gehiago.

2022an %55 handitu zen jet pribatuetan eginiko hegaldien kopurua Frantziako Estatuan eta, osotara, 383.100 tona CO2 isuri ziren hegazkin horiekin (+%93)
NO HAY COMENTARIOS