AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Confidencial
2023/05/12 11:55

Sarritan esan ohi da gizaki guztiok eragiten dugula aldaketa klimatikoa, baina gutxitan esan ohi da denok ez dugula berdin eragiten. Nature Sustainability aldizkari zientifikoan argitaratutako Global carbon inequality over 1990–2019 azterlanak 1990etik 2019ra bitartean berotegi-efektuko gasen (BEG) banakako isurketen mundu-mailako desberdintasunei erreparatzen die, World Inequality Database-k diru-sarreren eta aberastasunaren banaketa desorekatuari buruz berriki sortutako datuekin gurutzatuta. Egiaztatu dutenez, munduko biztanleriaren %50 pobreenak munduko isurketen %12 igorri zuen 2019an, eta %10 aberatsenak, berriz, guztizkoaren %48.

Laburrean, munduko biztanleriaren %50 pobreena emisioen hazkunde guztiaren %16aren erantzule baino ez da izan azken 30 urteetan, eta %1 aberatsena, kontrara, %23arena. Izatez, aberatsenen per capita isurpenek gora egin dute azken hiru hamarkadetan, baina errenta baxueneko eta ertaineko taldeen emisioak nabarmen jaitsi dira potentzia kapitalista aurreratuenetan. 1990eko egoeran ez bezala, munduko CO2 isurketa indibidualen desberdintasunaren gehiengoa, %63, herrialdeen barruko arrakalak eragiten du. Azkenik, karbono gehien isurtzen duen munduko biztanleriaren %1aren guztizko emisio gehienak bere inbertsioetatik eratorritako kutsaduratik datoz, ez kontsumotik.

Desberdintasunak: zonaldeka, zonaldeen barruan eta norbanakoka

Batez besteko per capita emisioen desberdintasunak handiak dira oraindik munduko eskualdeen artean. Baina ez hori bakarrik: zonalde bakoitzaren barruan ere aberastasunaren araberako desberdintasun izugarriak ikusten dira. Azterketak hiru ardatzetan bereizten ditu karbono aztarnaren igorleak: "%50 pobreena, %40 ertaina eta %10 aberatsena".

Asia ekialdean, %50 pobreenak 2,9 tona (t) CO2ren baliokidea (CO2e) isurtzen du urtean batez beste; %40 "ertainak" ia 8t isurtzen du, eta %10 aberatsenak, ia 40t. Ipar Amerikan, berriz, %50 pobreenak 10t baino gutxiago isurtzen du, %40 ertainak 22t inguru eta %10 aberatsenak 69t CO2e inguru. Europako isurketak oso bestelakoak dira: %50 pobreenak 5t isurtzen du, %40 ertainak 10,5t CO2e inguru eta %10 aberatsenak 30t CO2e inguru. Asiako hegoaldeko eta hego-ekialdeko isurtze-mailak gainerako eskualdeetakoak baino askoz ere txikiagoak dira, 1t CO2e ingurukoa %50 pobreenaren kasuan, eta 11t ingurukoa %10 aberatsenen artean.

Munduko biztanleriaren %1ak emisio guztien erdia isurtzen du, hau da, 77 milioi aberatsek 3.800 milioi pobrek baino %50 gehiago isurtzen dute

Mundu-mailan, %50 pobreenak urtean 1,4t CO2 isurtzen du batez beste, hau da, guztizkoaren %1,5 eragiten du. %40 ertainak 6,1t igortzen du batez beste, guztizkoaren %40,5. %10 aberatsenak, berriz, 28,7t igortzen du, guztizkoaren %48. %1 aberatsenera murriztuz gero, 101t igortzen du; guztizkoaren %16,9, alegia. Ondorioz, munduko karbono-isurketen arteko desberdintasun handia nabari da: munduko biztanleriaren %1ak emisio guztien erdia isurtzen du, hau da, 77 milioi aberatsek 3.800 milioi pobrek baino %50 gehiago isurtzen dute.

Desberdintasunen bilakaera

Munduko isurketen desberdintasuna zeharo aldatu da azken hamarkadetan. 1990etik, per capita munduko isurketen batez bestekoa %2,3 hazi zen oro har, eta guztizko isurketak %50 inguru. %50 txiroenaren per capita emisioak batez bestekoa (% 26) baino azkarrago hazi ziren, eta %40 ertainarenak, berriz, negatiboak izan ziren (-%1,2). Hala ere, gehien kutsatu zuen %1aren emisioak %26 hazi ziren, eta %0,01 kutsatzaileenak %80 gehiago isuri zuen.

Per capita emisioek garrantzia dute, baina funtsezkoa da, halaber, talde bakoitzak isurketen guztizko hazkundearen kuota globalari egiten dion ekarpena ulertzea. Munduko biztanleriaren erdi pobreenak, 1990etik ikusitako isurketen hazkundearen %16 bakarrik ekarri du, eta hortik gorako %1ak isurien hazkunde osoaren %23aren ardura izan du. Are, %0,1 aberatsenak munduko biztanleriaren erdiarekin lotutako isurketen hazkunde osoa baino bi heren gehiago ekarri du: 7,7 milioi lagunen kutsaduraren areagotzea handiagoa izan da 3.855 milioi norbanakorena baino.

7,7 milioi lagunen kutsaduraren areagotzea handiagoa izan da 3.855 milioi norbanakorena baino

1990ean, karbono aztarnaren munduko desberdintasunaren zatirik handiena (%62) herrialdeen arteko desberdintasunen ondorio zen. Ikerketaren erreferentziazko kalkuluen arabera, garai hartan, potentzia aurreratuetako batez besteko biztanleak munduko gainerako herrialdeek baino gehiago kutsatzen zuen, inolako zalantzarik gabe. Gainera, herrialdeen barruko errenta-desberdintasunak, batez beste, txikiagoak ziren planeta osoan gaur egun baino.

Egoera erabat alderantzikatu da 30 urteren buruan: herrialdeen barruko isurketa-arrakalak munduko isurketen desberdintasunaren ia bi heren dira orain. Hau da, herrialdeen zein zonaldeen arteko isurketetan desberdintasunak ez dira desagertu, baina horiez gain, herrialde bereko norbanakoen arteko isurketetan are desberdintasun handiagoak ikusten dira. Gainera, munduko CO2 igorle nagusiak "munduko zonalde guztietatik datozela" adierazten du aipatutako ikerlanak.

Inbertsioak eta burgesiaren karbono-aztarna

Karbono-aztarna pertsonalak hiru faktoretan banatzen dira: kontsumo pribatua, inbertsioak eta gastu publikoa, hiru elementu horiek baitira isurketek gizarte kapitalistan hartzen duten forma ekonomikoa. Kontsumoarekin lotutako CO2 isuriei dagokienez, energiaren erabilera zuzenagatik (auto baten erregaia, esaterako) edo zeharkako erabileragatik (partikularrek kontsumitutako ondasun eta zerbitzuen ekoizpenean sartutako energia) askatutako karbonotik datoz. Inbertsioarenak, berriz, kapitalistek ekoizpen-prozesuan hartutako erabakiei loturik daude (makinen, lantegien eta abarren eraikuntzari lotutakoak). Gastu publikotik eratorritakoak kontsumo kolektiboko inbertsioei dagozkie (administrazio publikoa, errepideak, armada, eta abar).

Burgesiaren karbono-aztarna erraldoia ez dute kontsumoko luxuek eragiten, ekoizpen kapitalistaren ohiko jarduerak baizik: munduko %1 aberatsenak 2019an sortutako emisioen %70 bere inbertsioetatik zetozen

Egiaztatu dutenez, burgesiaren karbono-aztarna erraldoia ez dute kontsumoko luxuek eragiten, ekoizpen kapitalistaren ohiko jarduerak baizik: munduko %1 aberatsenak 2019an sortutako emisioen %70 bere inbertsioetatik zetozen. Hori gutxi balitz, inbertsioek talde aberatsenen per capita arrastoan duten pisua handituz joan da 1990eko hamarkadaz geroztik. Dirudienez, aldi horretako inbertsioen ondoriozko emisio globalen gorakada zuzenean lotuta dago aberastasunaren desberdintasunaren hazkundearekin, gaur egun herrialde askotan aberastasuna eta inbertsioak kontzentratuago baitaude 1990ean baino.

Ondorioak

Orain arte aurkeztutako datuek mundu-ekonomia garaikidea ezaugarritzen duten karbono emisio indibidualen kontzentrazio nabarmena erakusten dute. Esan bezala, populazioaren hamarren bat emisio guztien ia erdiaren erantzule da, eta beste aldean, populazio osoaren %50ak karbono emisioen %12 baino gutxiagoko karga du. Errentarekin konparazioan, karbono emisioetan adierazten den parekotasun falta txikiagoa da: errenta mailaren arabera sailkatuta, populazioaren %10 altuenak errenta osoaren %52 kontzentratzen du eta aberastasunaren jabetzari dagokionez, munduko %10 aberatsena aberastasun guztiaren hiru laurdenen jabe da. Hala ere, karbonoari lotuta, munduko parekotasun falta handia da gaur egun, eta ez dirudi gutxitzeko joerarik egon daitekeenik, nahiz eta herrialdeen arteko konbergentzia bat ikusi ahal izan den.

1990-2019 arteko dinamikan jartzen badugu arreta, mundu mailako CO2 isurle handienen bilakaera bereziki deigarria da, batez ere, beste populazio talde isurleen ibilbidearekin alderatzen badugu. Europako eta Amerikako Estatu Batuetako (AEBak) biztanleriaren %50 pobreenaren per capita isuriak %25-%30 inguru gutxitu dira 1990etik. Isurien urritze hori soldaten eta kontsumoaren konpresioaren eta nazio aberatsen gehiengoetan per capita karbono-aztarna gutxitzearen efektu konbinatuaren ondorio da. Beraz, langile klaseak nahikoa "desazkunde" izan du dagoeneko bere bizi-mailan.

Europako eta Amerikako Estatu Batuetako biztanleriaren %50 pobreenaren per capita isuriak %25-%30 inguru gutxitu dira 1990etik

Potentzia aurreratuetako populazioaren zati handi bat, pobreena, 2030. urterako zehaztutako helburu klimatikoak betetzetik gertu dagoela ikus daiteke, datuak per capita ulertuta. Parisko Akordioan ezarritako Nazio Mailan Zehaztutako Ekarpena (NDC, bere ingelesezko siglen arabera) errubrikan, AEBetan, biztanleko 10t CO2ko helburua zehaztu zen 2030erako, eta 5t inguruko helburua Europan. Herrialde horietan biztanleriaren %50 txiroena marka horietatik oso gertu dagoen arren, ez da berdina gertatzen burgesiaren aldean. AEBetan %10 aberatsenak bere isurien %86 murriztu beharko luke 2030erako helburuak bete ahal izateko, eta Frantzian, adibidez, zifra %81ekoa da.

Egiazki, gaur-gaurkoz ez dago 2030erako zehaztutako helburuak beteko dituela aurreikusten duen herrialderik. Hala ere, emisio indibidualen eta nazio mailako helburuaren artean dauden ezberdintasunek politika klimatikoen diseinuaren inguruko auzi garrantzitsuak jartzen dituzte mahai gainean. Dirudienez, azken hamarkadetako politika klimatikoak errenta baxuko biztanlerian zentratu dira batik bat, aldiz, isurle handienek ez dute ia aldaketarik jasan behar izan. Izan ere, politika klimatikoaren baitan hartutako neurri nagusiek (karbonoaren gaineko zerga kasu) karbono-aztarnari dagokion parekotasun falta murrizteko ezintasuna erakutsi dute; are gehiago, populazio txiroenari neurrigabeko zama eragin diotela estimatzen da, eta, kontrako aldean, biztanleria aberatsenari ez diote inolako beharrik eragin bere bizi-estiloan aldaketak egiteko.

EZ DAGO IRUZKINIK