ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/03 08:38

"Gaztetxeak eta Gazte Asanbladak defendatzea eta indartzea" beharrezkoa dela iritzita, egitarau bat antolatu dute Gernikan (Bizkaia) uztailaren 12rako. Bizkaiko hainbat Gaztetxek eta Gazte Asanbladak egin dute deialdia, elkartzeko eta espazio horien lanari eta izaerari lotutako zenbait auziren inguruan eztabaidatzeko. 

"Azken aldian asko izan dira Gaztetxeen aurkako erasoak Bizkaian", seinalatu dute antolatzaileek: "Sestaoko Txirbilinea eta Bilboko Etxarri II desalojatu zituzten apirilaren hasieran, hiru eguneko tartean. Bitartean, Igorreko Kiñu eta Zornotzako Matrailu Gaztetxeak desalojo arriskuan daude". Horrekin batera, baina, nabarmendu dute "Gaztetxeen aldeko borrokak" ere asko izan direla eta direla: "Txirbilinea eta Etxarriren desalojoa izan eta egun gutxira birjabetu zuen Gaztetxea Gernikako Egurre Gazte Asanbladak, eta duela ez asko ireki du Gaztetxe berria Kaletik Gaztetxera asanbladak Durangon". 

Gaztetxeak aurrera!

Gaztetxeak aurrera! lelopean antolatu dute hilaren 12ko egitaraua. 11:00etan izango dira harrera eta gosaria Gernikan, eta 11:30ean ekingo diete ekimenei. Ordu horretan, "Gaztetxe eta Gazte Asanbladen arteko eztabaida" egingo dute, hainbat galdera indartsu oinarri modura hartuta: "Zer dira Gaztetxe eta Gazte Asanbladak? Norentzat dira? Zein ekarpen egin dezakete gaur egun?". Horren ondoren, 15:00etan, bazkaltzeko tartea izango da.

Arratsaldeko 17:00etan jarraituko dute egitarauarekin, mahai-inguru baten bidez: solasaldi bat egingo dute hainbat Gazte Asanbladaren artean, "espazioaz hausnartzeko". Amaitzean, 19:30ean hain zuzen ere, Gernikako kaleetan barrena zabalduko dute Gaztetxeen aldeko aldarria, manifestazio batekin, eta ekitaldi politiko bat ere egingo dute jarraian. Gauean, berriz, binilo-pintxada izango da.

NO HAY COMENTARIOS