ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Santiago Farizano / donostitik.com
2019/04/30 01:08

Donostiako (Gipuzkoa) Kijera gaztetxeak prentsa oharra kaleratu berri du, azken egunetan komunikabideetan agerturiko hainbat gairen eta gaztetxearen martxaren inguruko informazioa plazaratuz, eta gaztetxeak daraman ibilbidearen inguruko argipenak emanez.

Hasteko, Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideek gogorarazi dutenez, martxoaren 2an bete ziren sei hilabete Kaialde eraikina okupatu eta Kijera gaztetxea martxan jarri zutenetik. Auzoarentzat "hilabete biziak" izan direla azaldu dute, izan ere, denbora tarte horretan, Kijerak eman die aterpea hainbat tailer (bertsolaritza, joskintza, zirkoa, kickboxing nahiz filosofia), hitzaldi, zineforum, kontzertu akustiko, bisita gidatu, antolaketarako asanblada, auzolan eta auzoko eguneroko bizitzari. Haur gunea, tailerra, aisialdi gela nahiz liburutegia egokitu dituzte gaztetxean, eta egunerokotasunean erabili dira, aurretik hamabi urtez hutsik egon den eraikinean.

Donostiako udal gobernua ez dela Kijerako kideekin hitz egiteko gai izan eta, kontrara, abenduan desalojo mehatxua indarrean sartu zuela azpimarratu dute. Horren aurrean, "bi hilabete luzez erresistentzia aurrera eraman" dutela eta borroka horrek egoera berri bat ireki duela adierazi dute gaztetxeko kideek. Agertoki berrian, ustez, udalak auzokideekin negoziatzeko prestutasuna agertu du.

ARGIPENAK

"Isiltasun luze" baten ondoren, gaztetxeko asanbladatik zenbait argipen egiteko garaia dela ebatzi dute. Lehenik eta behin, egungo eszenatokira zerk eraman dituen azaldu dute, eta aurreko abenduan jasotako desalojo mehatxuari erantzunez abiatutako dinamikak argitu dituzte: mobilizazioa, 24 orduko erresistentzia, eta hainbat ekimen eraikinean.

Era berean, urtarrilaren 4ko mobilizazioan milaka pertsona batu zirela, auzoan egindako ekimenetan bizilagunen babesa jaso dutela, eta bi hilabetez "erresistentzia ehundu" dutela ondorioztatu dute Kijerako kideek, ehunka pertsonen erresistentzia eta zaintza txandekin, ekarpen ekonomikoekin, lanegunekin, nahiz antolaketa bidezko ekarpenekin. Ekarpen eta elkartasun keinu horiei guztien ondorioz lortu dute, haien ustez, "udalaren asmoak -oraingoz behintzat- etetea", "erresistentzia, elkar zaintza eta autodefentsaz".

Bigarrenik, auzoan bizitzen ari diren prozesua atera dute azalera: Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hala proposatuta, auzoko hamar eragilek mahai bat osatu dutela diote, otsailaren 18an aurkeztu zena. Asanbladako kideen esanetan, mahai horren eztabaidagai eta helduleku nagusia dira auzoko ekipamendu publikoak, eta nagusiki, Kijeraren desalojo mehatxuaren aurka egiteko antolatu da, bai eta udalarekin negoziatzeko ere.

AZKEN BERRIAK

Gertakari berrienei ere egin diete erreferentzia gaztetxeko kideek: "Guk aurrera egin izanagatik, gobernuen makinak ere ez dira gelditu". Izan ere, azken egunetan, gaztetxeko kideek isun ugari jaso dituztela salatu dute. Zehazki, uztailean Aldamar kaleko espazioaren legez kanpoko desalojoaren aurka protesta egiteagatik, zein gaztetxearen aldeko propaganda egiteagatik isundu dituzte hainbat kide.

Horren harira, Aldamar 32 eraikina jasaten ari den espekulazio prozesua "Jokin Errasti eta Altuna y Uriako diruzaleen eskutik" indarrean dela salatu dute, eta Donostiako Alde Zaharra poliziaz lepo dagoela ere gaitzetsi dute: "Presentzia horrek, gure arazoak ez konpontzeaz harago, etengabe jotzen du behartsuenen eta auzokideon adierazpenen aurka".

NO HAY COMENTARIOS