Azken egunetan, bi eraso egin dizkiote Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxeari. Bertako kideek atzo jakinarazi zutenez, eraso faxista bat eta lapurreta bat jasan dituzte aste berean. Lehenengo, pintaketa faxistak egin zituzten Matrailuren kanpoaldean, aurreko astearen bukaeran: "Viva España", "88", "HH" [Heil Hitler] eta "Feminazirik ez dugu nahi" idatzi zuten besteak beste, svastika marrazteaz gain. Horren ostean, Gaztetxean lapurreta egiten saiatu ziren joan den astelehen gauean, hainbat kalte eraginez. Leihoak eta kristal batzuk hautsi zituzten.
"Gure espazioetan ez dago ideia erreakzionarioentzat lekurik, eta horrela babesten ditugu", esan dute Matrailuko kideek. Hala, faxismoaren kontra borrokatzera deitu dute, baita Gaztetxeak babestera ere. Horretaz gain, lapurreta saiakeran eragindako kalteak konpontzeko, auzolan bat antolatu dute datorren iganderako, urtarrilaren 12rako: goizeko 10:00etan ekingo diete lanei, eta amaitzean luntxa egongo da.