ACTUALIDAD / Donostiako harrera sarea

Donostiako azken eraso arrazista salatzeko, protesta bat izango da gaur arratsaldean

Harrera Sareak Blas de Otero plazan jarri du hitzordua, 19:30erako, 'Ezin dugu ehiza arrazista normalizatu' lelopean. Ostegun eguerdian, aire konprimituko arma batekin egin zioten tiro etorkin bati Egian.
2026eko irailaren 14 - 06:37
Donostiako azken eraso arrazista salatzeko, protesta bat izango da gaur arratsaldean

Gaur, irailaren 14an, 19:30ean Egiako Blas de Otero plazan. Horixe da Donostiako (Gipuzkoa) Harrera Sareak arratsalderako ezarri duen hitzordua, aurreko astean auzoan izandako eraso arrazista salatzeko. Deialdiak daraman mezua argia da: "Ezin dugu ehiza arrazista normalizatu!".

"Hilabete gutxian horrelako bigarren erasoa da pertsona migranteen aurka. Uda honetan, Alde Zaharreko balkoi batetik, pertsona bati tiro egin zioten bizkarrean. Donostian, pertsona migranteekiko gorrotoa urrutiegi iristen ari da", ohartarazi zuten Harrera Saretik, bai gaurko elkarretaratzea iragartzean bai aurreko osteguneko erasoaren berri ematean.

Egiako Mandas Dukearen pasealekuan gertatu zen aurreko asteko erasoa. Kalean eserita zegoen pertsona etorkin bat, eta, bat-batean, aire konprimituko arma batekin egin zuten tiro bere kontra, balkoiren batetik. Bizkarrean eta aurpegian zauritu zuten.