ACTUALIDAD / Donostiako harrera sarea
Etorkinen ehiza ez normalizatzera deitu du Donostiako Harrera Sareak
Egian pertsona batek etorkin bat tirokatu ondoren, eraso arrazisten aurkako protesta jendetsu bat izan da gaur Donostian.
2026eko irailaren 14 - 19:47
Etorkinen ehiza ez normalizatzera deitu du Donostiako Harrera Sareak

Arrazakeriaren aurka, ehunka lagunek hartu dituzte gaur Donostiako kaleak, Harrera Sareak deituta: aurreko ostegunean Egia auzoan izandako eraso arrazista gaitzetsiz, "etorkinen aurkako ehiza ez normalizatzera" deitu dute. Blas de Otero plazatik hasi da manifestazioa, eta Alde Zaharrera mugitu ondoren, udaletxe aurreraino eraman dute protesta manifestariek.

Bertan hartu dute hitza Harrera Sareko kideek, eta aurreko osteguneko gertakariak ekarri dituzte gogora: kalean eserita zegoela, balkoi batetik egin zioten tiro pertsona etorkin bati, aire konprimituko arma batekin masailean eta bizkarraldean zaurituz. Polizia-indarrak erasoaren jakitun izan arren, ez zuten inolako eginbiderik hasi biktimari tiro egin zion pertsona identifikatzeko. "Bitartean, arratsaldero polizia-hedapenak ikus daitezke Egian eta Alde Zaharrean, Kaleko Afari Solidarioetako boluntarioak behatu eta mehatxatzeko, afariak banatzen dituzten bitartean; edo Harrera Sareko boluntarioak identifikatzeko, janaria banatzen dugun bitartean", salatu dute Harrera Sarekoek.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2099576751114346610

Gaineratu dute, azken urteetan, sare sozialen bidez indartu dela etorkinen aurkako "gorroto-giroa", eta Harrera Sareak hainbatetan jo duela auzitegietara edo polizia-indarretara "zerbait larria gertatu zitekeela" ohartarazteko. Ez dute, ordea, inolako neurririk hartu bueltan. "Eta gertatu da. Pertsona migrante baten aurkako eraso zuzen bat izan da tiroketa hau". Are gehiago: antzerako bi eraso izan dira denera Donostian uda honetan.

"Oso kezkatuta eta beldurtuta gaude gure kaleetan gertatzen ari denarekin", jarraitu dute Harrerako kideek: "Lehen ezkutuan egiten zena, gaur egun, guztion begi-bistan egiten da, zigor ezaren sentsazioak babestuta". Donostiako Udala ere seinalatu dute erantzule modura, urteak isilik daramatzala gogoraraziz eta, "egoera batzuetan, udalak berak jarrera arrazistak sustatu dituela" nabarmenduz.

Aurreko osteguneko tiroketa dela-eta, "azalpenak" eta "erantzukizunak hartu behar dituztenek" erantzukizunak har ditzatela eskatu du Harrera Sareak. Horrekin batera, esku hartzeko eta arrazakeriari aurre egiteko deia egin dio jendarteari.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2099571596281233482