Aurreko asteazkenean emakume bat bahitu eta indarrez atxiki zuen gizonezko batek. Gasteizen (Araba) bahitu eta Bilbora (Bizkaia) eraman zuen, autoan. Bilboko Santutxu auzora joateko deia jaso zuten udaltzainek, hainbat bizilagunek hots eginda; bahituta egon zen emakume batekin zeudela azaldu zuten. Bertaratu eta handik gertu topatu zuten bahitzailea, auto barruan. Atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten baina, ostegunean epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu zen.
Bestalde, aurreko ostiralean, emakume bat jipoitu zuen haren bikotekideak Azagran (Nafarroa). Emakumea hiltzat eman eta Lizarrako (Nafarroa) polizia-etxean aurkeztu zen erasotzailea, bikotekidea hil zuela esanez. Etxebizitzara bertaratu ziren udaltzainak eta, larriki zaurituta zegoen arren, bizirik jarraitzen zuen emakumeak. Helikopteroz eraman zuten ospitalera.
Egun berdinean, ostiralean, emakume batek salatu zuen mehatxu egin ziola haren bikotekideak, Gasteizen. Eskopeta bat eskuan zuela, hainbat bideo grabatu eta emakumeari igorri zizkion erasotzaileak. Une horretan etxean zegoen gizona, eta hara jo zuten ertzainek, Foronda Atea kalera. Dena den, eskopeta hartu eta etxe barruan gotortu zen bera: arma erabiliko zuela esan eta tiroka jardun zuen etxean. Bi orduren ostean sartu ziren barrura poliziak, eta hilda aurkitu zuten gizona.
Tratu txarrak asteburuan ere
Egun eta datu zehatzen berri eman ez badu ere, Diario de Navarra-k jakinarazi du gizonezko bana atxilotu dutela asteburuan Antsoainen (Nafarroa) eta Lodosan (Nafarroa), genero indarkeriagatik aurrenekoa, eta familia eremuko tratu txarrengatik bigarrena.