2017. urteko martxoaren 22an birjabetu zuten Gernikan (Bizkaia) Bloke Naranja izeneko eraikina, eta bertan kokatu zuten Eztena proiektua. Bi egun beranduago, eraikinean zeuden hiru gazte identifikatu zituen Ertzaintzak, eta martxan jarri zuten beren aurkako auzibide judiziala. Hala, hiruren aurkako prozedura penala zein zibila abiatu zituzten; penala ebatzi dute dagoeneko, baina zibila ez.
Auzibide penalari dagokionez, 2018. urteko azaroan epaitu zituzten hiru kideak, "usurpazio delitua" egotzita. Hala, "okupazioaren konplize" izatea leporatuta, 360 euroko isuna ezarri zioten bakoitzari, eta oraindik kalkulatu ez dituzten "kalte ordainak" beren gain hartzea ere barnebiltzen du epaiak. Horren ostean, zigorra berretsi zuen Bizkaiko Auzitegi Probintzialak.
15 eguneko epea
Orain, ia sei hilabete beranduago, zigor penalaren betearazpen-agindua jaso dute hiru auziperatuek. Beraz, 15 eguneko epean, 1.080 euroko isuna ordaindu beharko dute guztira. Bestalde, "kalte ordainen" zenbatekoa kalkulatzeko, eraikinaren jabeek ateetan eta sarrailetan izan diren "kalteen" fakturak aurkeztu beharko dituzte epaitegian, 15 eguneko epean.
Auzibide zibila zabalik
Bloke Naranjaren birjabetzearen harira auziperatu dituzten hiru kideen aurkako prozedura zibilari dagokionez, zabalik dago oraindik. Eraikinaren jabeek 140.000 eurora arteko "kalteak" ordaintzeko eskaera egin dute.
Prozedura zibilean "doako justizia" izateko eskubidea ukatu zaie hiru auziperatuei, eskubide horren bermea izateko legeak eskatzen dituen baldintza ekonomikoak betetzen dituzten arren. Hala, helegitea aurkeztu zuten hirurek. "Doako justizia" delakoa ukatzen bazaie, epaiketaren gastu guztiak ere ordaindu beharko dituzte.