Gaur jakinarazi dute noiz izango den Errotxapeako Gaztetxearen aurkako epaiketa berria: datorren martxoaren 25ean. Konpentsazio Batzarrak hirugarren aldiz eramango du auzitara Iruñeko (Nafarroa) Errotxapea auzoko gaztetxea, bertako hiru kideren aurkako auzibideari berriro bide eginez. Iruñeko Udalak, La Caixak eta Juslaberri enpresak osatzen dute Konpentsazio Batzarra.
Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, oraingo honetan ere larriak izan daitezke epaiketaren ondorioak: 40.000 eurora arteko kostu judizialen ordaintzea eta eraikinaren desalojoa.
Epaiketak epaiketa, Errotxapeako Gaztetxeko kideek adierazi dute "eraso honi eta etorriko diren guztiei aurre egiteko prest" daudela. Hala, aurki egingo dituzten deialdietan parte hartzera deitu dute. Momentuz, epaiketa egunean epaitegi aurrean elkarretaratzea izango dela iragarri dute.
Hiru urtetik gorako bidea
2016. urteko irailean birjabetu zuten Errotxapean Artika kaleko lantegi zaharra, gaztetxe bilakatzeko. 2017. urtean abiatu zuten gaztetxeko hiru kideren aurkako auzibidea, eta ordutik, etengabeko desalojo mehatxu egoerak salatu dituzte asanbladako kideek, baita eraikina "ezkutuan" hustu nahi dutela gaitzetsi ere.
Joan den abuztuan, "erresistentzia martxan jartzeko" deia egin zuen Errotxapeako Gaztetxeak, agerraldi bidez.