Atzo, ekainak 23, Mikel Barrios epaitu zuten Parisen. Sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen prokuradoreak, eta eskaera horren eskutik etorri da Auzitegi Korrekzionalaren ebazpena: epaileak bost urteko zigorra ezarri dio iruindarrari, baita hamar urteko lurralde debekua ere. Hortaz, Mont-de-Marsango presondegian giltzapetuko dute hilaren 29an. Helegitea aurkeztu du defentsak, baina eskakizuna aztertu bitartean, preso izango dute.
Naiz-en arabera, atzoko audientzian fiskaltzak nabarmendu zuen hainbat zulo aurkitu dituela Frantziako Poliziak. Ulertzera eman zuen ETA erakundeak ez zituela arma guztiak eman, eta "ETAko militanteak ez direla aldatu". Hala, espetxe zigorra eskatu zuen Barriosentzat.
2017an Alemanian atxilotu zuten iruindarra, Iñigo Gulinarekin batera. Frantziako Estatuak igorritako euroagindu baten harira gauzatu zen atxiloketa, izan ere, "erakunde kriminaleko kide izatea" egotzi zioten. Alemanian bi hilabetez preso izan ostean, Osnyko espetxean (Frantziako Estatua) kartzelaratu zuten. 2018ko urrian utzi zuten aske, kontrol judizialpean, eta Ipar Euskal Herrian bizi da egun.