ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ertzaintza Narrika kalea ixten. Argazkia: Donostiako GKS
2020/12/14 22:48

Gutxienez bi gazte atxilotu dituzte gaur gauean Donostiako (Gipuzkoa) Alde Zaharreko kaleetan; polizia-bortizkeriaren eta gazteen kriminalizazioaren aurkako manifestazioa egin dute 20:00etan, eta horren ostean, Alde Zaharrera sartu da Ertzaintza. Liskarren hasiera ekarri du horrek, eta ertzainek denbora luzez itxi dituzte kaleen sarrerak, ia etxeratze agindua indarrean sartu arte.

Mobilizazioaren deitzaileek adierazi dutenaren arabera, Poliziaren presentziak nabarmen egin zuen gora aurreko astean, eta larunbatean goia jo zuen kontuak: hainbat ertzain eta udaltzain Trinitate enparantzara sartu ziren, eta bertan zeuden 40 gazteei identifikatzeko eskatu eta mehatxu egin zieten, isunak jarriko zizkietela esanez.

Gazteek ez zuten justifikaziorik gabeko eraso hori onartu, eta plazatik alde egitea erabaki zuten. Tentsioak gora egin zuen une horretan, eta liskarrak hasi ziren Alde Zaharreko Konstituzio plazan. Ertzaintza kolpeka hasi zen, hainbat pertsona zaurituz eta gazte bat atxilotuz.

Polizia-bortizkeria kasu hori salatzeko prentsaurrekoa egin zuten atzo arratsaldean, eta manifestaziora deitu zuten gaur iluntzerako.

AZKEN BERRIAK, ASTEARTEAN

GEDAR LANGILE KAZETAk astearte arratsaldean jakin ahal izan duenez, aske utzi dituzte jada atzo gauean atxilo eraman zituzten bi lagunak.