ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/26 19:05

Gora doaz kaleratze masiboen iragarpenak Euskal Herrian ere. Amaitzear den aste honetan, esaterako, Tubacex, ITP Aero edota Siemens Guascor enpresek jakinarazi dute ehunka langile botako dituztela. Hain zuzen, Laudion (Araba) eta Amurrion (Araba) 150 behargin kanporatuko dituela adierazi du Tubacexek, ITP Aerok langileen %15 kaleratuko ditu (300 izango lirateke Bizkaiko lau plantetan), eta Siemens Guascorrek ere kaleratzeak iragarri ditu Zumaiako lantokian (ez du kopuru zehatzik atera argitara, baina 15 inguru izan daitezke).

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburu Arantxa Tapiak hartu zuen hitza Tubacexeko kaleratzeen harira. Azpimarratu zuen "albiste txarra" zirela kanporaketak, baina "errealistak" izan eta onartu egin beharko direla. El Correo egunkariak gaur argitaratu ditu Tapiaren adierazpen berriak: besteak beste, dei egin die enpresei, langileak kaleratzeko erabakia hartu aurretik, beste "formula" batzuk martxan jartzera. Soldatak jaistea da proposatu duen "formula" horietako bat.

Sapem eta Siemens Gamesa, itxita

Hilabetearen hasieran ere jakinarazi zituzten beste hainbat kaleratze. Arcelor Mittalek Aguraingo (Araba) Sapem fabrika zarratuko duela azaldu zuen, 11 behargin kalera bidaliz. Bestalde, Siemens Gamesak Agoizko (Nafarroa) lantokia itxiko duela eman zuen aditzera. 239 langilek jarduten dute han, eta mobilizazioei eta grebei ekin zieten zuzendaritzaren erabakia ezagutu bezain pronto.

Atzo, hilak 25, Agoizko kaleak hartu eta fabrika ez ixteko eskatu zuten ehunka lagunek.