Egun bizi dugun salbuespen egoeraren barruan, polizia indarren esku hartzeak gora doaz, modu bortitzean. EAEn udaltzainek zein ertzainek 65 pertsona atxilotu dituzte astelehenetik ostiralera bitartean, eta 2.338 isun jarri dituzte. Atzo, martxoak 20, honakoa zen astelehenetik ostegunera bitarteko zenbaketa: 18 atxiloketa eta 988 isun administratibo. Isun gehienak 600 eurotik gorakoak izan dira.
Horretaz gain, 4.932 pertsona identifikatu eta 7.046 ibilgailu gelditu dituzte poliziek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Nafarroari dagokionean, zehazki Foruzaingoak 57 salaketa jarri zituen atzo, osteguna, "koronabirusaren aurrean ezarritako mugikortasun murrizketak ez betetzea" egotzita. Iruñerrian eta Erriberan izan ziren esku hartze gehienak.
31.100 salaketa
Espainiako Barne Ministerioak gaur baieztatu duenez, polizia indarrek (estatu eta erkidego mailakoek zein udaltzainek) 31.100 isun jarri dituzte guztira, "alarma egoerako arauak ez betetzeagatik". Bestalde, 350 pertsona eraman dituzte atxilo, "desobedientzia larria" leporatuta.
Gainera, Fernando Grande-Marlaska ministroak iragarri du Loiuko aireportuan (Bizkaia) sartuko dira estatuko militarrak, "beharrezkoa den guztietan".