Gaur eta bihar epaituko dute Marixol Iparragirre preso politikoa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Espainiako Estatuan epaitzen duten aurreneko aldia da, eta aurreikuspenen arabera, beste hamaika epaiketa egingo dizkiote. Izan ere, guztira hamabi auzi dituzte zabalik haren aurka.
Gaur hasi den auzi saioan, hain zuzen, 1995. urtean Luciano Cortizo Espainiako Armadaren komandantea hiltzea leporatzen diote. Fiskaltzak 122 urteko espetxe zigorra eskatu du Iparragirrerentzat: 30 urte hilketa egotzita, 80 urte hilketa saiakera egotzita (atentatuan lau pertsona zauritu ziren larri, eta 20 urte galdegin ditu bakoitzeko), eta hamabi urte lehergailuak izatea egotzita.
Beste bi epaiketa datozen hilabeteetan
Beste hamaika aldiz epaituko dute preso politikoa Espainiako Estatuan, eta momentuz, hurrengo bi saioen datak erabaki ditu Auzitegi Nazionalak. Urrian izango da bat, eta urtarrilean bestea.
2004. urtean atxilotu zuten Iparragirre, eta ordutik 2019. urteko irailera arte izan zuten preso Frantziako Estatuan, Reauko kartzelan. ETA erakundeko zuzendaritzaren parte izatea leporatu zioten. Iazko abuztuan bete zuen ezarritako zigorra, baina Espainiaratu egin zuten orduan, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zezaten.
Auzitegitik pasatu ostean presondegiratu zuten Soto del Realen (Madril) irailean, baina Brievako (Avila) espetxera lekualdatu zuten gero. Bakartze moduluan eta "baldintza ankerretan" dutela jakinarazi du eskoriatzarraren askapenaren aldeko plataformak.