Amaitzear da 2021. urtea, eta azken hamabi hilabeteek utzitako hainbat datu gordini egin diete azpimarra Euskal Herriko hainbat Kontseilu Sozialistak. Besteak beste, gogoan izan dituzte aurten soldatapean lanean ari zirela bizia galdu duten 61 langileak, indarkeria matxistaren ondorioz erailak izan diren bost emakumeak, nahiz muga-bidean hil diren zazpi pertsona migratzaileak. Erailketa horiek guztiak sistema kapitalistari berezkoa zaion bortizkeriaren zenbait aurpegi direla nabarmenduta, biolentzia kapitalistari aurre egiteko deia luzatu dute.
Basakeria kapitalista jopuntuan jarri eta horri aurre egiteko deia kalera aterako dute, beraz, hainbat eskualde nahiz hiriburutako Kontseilu Sozialistek. Urte amaierarako jarri dituzte hitzorduak, hain justu, Sakanako (Nafarroa), Buruntzaldeko (Gipuzkoa), Hego Uribeko (Bizkaia), Urola Erdiko (Gipuzkoa), Bilboko (Bizkaia), Durangaldeko (Bizkaia), Lea-Artibaiko (Bizkaia), Donostiako (Gipuzkoa), Busturialdeko (Bizkaia), Tolosaldeko (Gipuzkoa), Bidasoako (Gipuzkoa), Ipar Euskal Herriko eta Oarsoaldeko (Gipuzkoa) Kontseilu Sozialistek.
Hona hemen orain arte egin diren deialdi guztiak:
Abenduak 26
Abenduak 29
Abenduak 30
Urtarrilak 2
Iruñean, kalera neurri autoritarioen aurka
Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistak ere egin du mobilizazio deialdi bat urte amaierarako. Abenduaren 7an Covid ziurtagiriaren ezarpenaren aurkako kontzentrazio batera deitu zuen GKSrekin batera, Ez da osasun neurri bat, kontrol soziala da aldarri hartuta. Hari horretatik tiraka, Neurri autoritarioak gelditu aldarripean mobilizatzera deitu du orain Iruñerriko Kontseilu Sozialistak. Abenduaren 30ean izango da manifestazioa, 19:00etan, Iruñeko Sarasate pasealekutik hasita.
"Modu irregularrean prozesaturiko zigor ororen berehalako itzultzea, erantzukizunen eta gehiegikerien ondoriozko neurriak argitzea, eta askatasun zibil zein politikoak urratzen dituen neurri ororen etetea eta indargabetzea" exijitu dituzte Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kideek. Nabarmendu dute, gainera, "pertsona guztiok kalitatezko osasun unibertsala izan dezagun", ezinbestekoa dela "osasun publikoaren erritmoa farmazia-enpresa handien eta finantzarioen interesen mende markatzen duen egungo sistema gainditzea". "Injustizia guztiak modu eraginkorrean gaindituko dituen sozialismoaren proiektu integrala eraikitzen jarraitu ezean, ez da irtenbiderik izango", gaineratu dute.