Bilbon ere, antiabortisten aurka mobilizatuko da Itaia bihar
Itaiaren mobilizazio bat Gasteizen.

Abortuaren aurkako manifestariak kontzentrazioak egiten ari dira Gasteizen, Donostian zein Bilbon, abortatzeko kliniketik gertu. Garizuma garaian elkarretaratzen dira 40 egunez, haurdunaldia etetera doazen emakumeei eta kliniketako langileei jazartzeko. Bilbon, zehazki, Euskalduna klinikatik hurbil izaten ari dira antiabortisten elkarretaratzeak, Unamuno ikastetxearen aurrean. "Haien helburua argia da: emakumeak eta klinikako langileak kriminalizatzea, emakumeon oinarrizko eskubideen aurka egitea eta abortuaren inguruan dagoen estigmatizazioa handitzea", seinalatu du Itaiak.

Abortu-eskubidearen defentsan, hainbat egitarau eta mobilizazio antolatzen ari da Itaia. Biharko, ostegunerako, hainbat mobilizazio-deialdi egin ditu: arratsaldean elkarretaratuko da Gasteizko Maria Sarmiento plazan, eta goizerako deitu du kontzentrazio batera Bilbon. Unamuno institutuaren sarreran mobilizatuko da, 11:15ean. 

Itaiak beharrezkotzat jo du abortu-eskubidea "urratzen duen neurri orori zein abortuaren aurkako posizionamendu erreakzionarioei aurre egitea"; baita "doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den abortuaren alde borrokatzea" ere.