Bilboko Udalak bideozaintza-sistema berriekin hornitu nahi du hiriko Polizia. Jakinarazi dutenez, udaltzainen hiru furgonetatan jarriko dituzte kamerak eta, antza, Istripuak Ikertzeko Ikuskaritzaren ibilgailuetan egongo dira horiek. 72.000 euroko kostua izango dute kamerek, eta udaltzainei "ekimen edo gertakari jakin batzuen testuinguru zabalagoa" ematea omen da asmoa.
Udaltzaingoaren hitzetan, "zuzeneko bideoaren bidez, erabakiak hartzeko informazio gehiago edukitzea, lekukoen eta inplikatuen deklarazioak babestea eta furgoneten barruko grabazioak izatea" da helburua, bai eta "ikerketa judizialetan erabil daitezkeen frogak eskuragarri izatea" ere.
Hala, ibilgailuetako kamerek, kanpoaldea ez ezik, furgonetaren barnealdea grabatuko dute, eta soinua ere gordeko dute. Baldintza-agiriak zehazten duenez, grabaketa noiz hasi eta noiz gelditu udaltzainen esku egongo da, eta kanpoaldeko zein barnealdeko kameren grabaketa-sistemak bata bestearekiko independenteak izango dira.
27 bodycam erosi zituen Bilboko Udalak ekainean
Ekainean, udaltzaingoarentzako beste lizitazio bat egin zuen Bilboko Udalak. 78.650 euroko balioa duten 27 bodycam erosi zituen, udaltzainek soinean eramateko. Kamera horien helburua, teorian, "gatazken areagotzean disuasio-efektua sortzea edo prozesu judizialetan ebidentzia-euskarria hobetzea" da.
Bodycam horiek, ordea, kamera normalak baino ezkutuagoak izan ohi dira. Ertzaintzak horrelako 1.387 gailu erosi zituen 2022an, eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak teknologia horren erabilera defendatu du berriki. Bere hitzetan, "gardentasuna" ematen dute bodycam-ek, eta "baliabide bat gehiago izango dira gauzak nola gertatzen diren jakiteko eta horien inguruko erabakiak hartzeko". Azarotik aurrera, ertzainek gainean eramango dituzte gorputzeko kamerak.