Palestinaren aldeko mobilizazio-eguna izango da biharkoa Euskal Herrian, egun osoan zehar. Goizetik hasiko dira sindikatuen eta bestelako kolektiboen protestak, besteak beste hezkuntzan, eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere egin ditu deialdiak. Arratsaldean izango dira.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu ditu manifestazioak, Israel desegin, harreman oro eten lelopean. 17:30ean egingo dute Gasteizko mobilizazioa (Araba), Katedral Berritik abiatuta; 18:00etan hasiko dira Donostiakoa (Gipuzkoa) eta Iruñekoa (Nafarroa), PSNren egoitzatik eta Pio XII plazatik, hurrenez hurren; eta 18:30ean Bilbokoa, Hezkuntza Delegaritza aurretik. Horrez gain, Iruñean, eguerdirako ere egin du deialdi bat plataformak: sindikatuen deialdira batuko da bloke propio baten bidez, eta 12:00etan jarri du hitzordua Antoniuttin.
Palestinarren aldarri historikoak
Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi duenez, 50.000 pertsona mobilizatu ziren Iruñean urriaren 4an, "palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko". Dei egin du, beraz, bihar ere "palestinarren aldarri historikoekin" irteteko kalera, eta erreibindikazio horiek laburbildu ditu.
Lehenik eta behin: "Genozidioa gelditzeko eta Palestinaren askatasuna erdiesteko, lurralde osoaren deskolonizazioa, preso palestinarren askapena eta errefuxiatuen itzulera bermatu behar dira. Ez dago Israelgo entitate kolonialarekin elkarbizitza posiblerik". Bigarrenik: "Palestinarrek kolonialismoaren kontra erresistitzeko eskubidea dute, eta beraz, palestinar erresistentzia babestu behar dugu. Palestinaren inguruko erabakiak palestinar herriari eta bere erresistentziari dagozkie, ez estatu sionistari eta Mendebaldeko gobernu inperialistei". Hirugarrenik: "Euskal Herrian gure ekarpen nagusia Israelen eta bere konplizeen kontrako presioa egitea da, sionismoarekin harreman ekonomiko, militar, diplomatiko eta kultural guztiak behingoz eteteko". Eta azkenik: "Greba orokorraren helburu nagusia Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Espainiako zein Frantziako gobernuei eta CAF bezalako enpresa konplizeei presioa egitea da, Israelekin harreman oro eteteko".