ACTUALIDAD / Herri unibertsitatea
Bihar hasiko dira Herri Unibertsitateak, egitarau indartsuekin
Ibaetan, Leioan, Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Baionan eta Eibarren elkartuko da ikasleria aste honetan, eta hitzaldi eta gonbidatu ugariren eskutik landuko dituzte gaurkotasuneko hamaika gai. Hona hemen egitarau guztiak, xehetasunekin.
2026eko apirilaren 20 - 19:32
Bihar hasiko dira Herri Unibertsitateak, egitarau indartsuekin

Hamarkada baten ostean, ikasturtez ikasturte Herri Unibertsitateak antolatzen jarraitzen du ikasle-mugimenduak, modu kritikoan hausnartzeko eta ikasteko espazioak irekiz. Joan den neguan Faxismoaren Aurkako Herri Unibertsitateak egin ostean, aste honetan zazpi campusetan batuko da ikasle andana lekuan lekuko Herri Unibertsitateetan parte hartzeko, eta gaurkotasun osoko auzi ugari landuko dituzte hitzaldien, solasaldien eta mahai-inguruen bidez. Aisialdiko ekimenak ere antolatu dituzte ikasleek, aste osoan zehar luzatuko diren egitarau zabaletan.

Ohikoa den legez, gonbidatu ugarik parte hartuko dute Herri Unibertsitateetako hitzaldietan. Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa) prostituzioari buruzko eztabaida hezurmamituko dute Itaiako Maitane Urkolak eta Irene Ruizek; "hezkuntza emozionalaren promesa faltsuez" jardungo du Ani Perezek eta giza-eskubideez eta memoria historikoaz Paco Etxeberriak; arrazakeria instituzionala aztertuko du Nafarroako SOS Arrazakeriako Beatriz Villahizanek eta hirigintzaren eta boterearen arteko harremana Xabier Najarrok; eta "marxismoaren krisiari eta pizkunde komunistari buruzko hainbat tesi" azalduko ditu Txaber Ormazabalek. Eibarko (Gipuzkoa) campusean, besteren artean, etxebizitzaren problematika aztertuko du Leire Andinok.

Leioako (Bizkaia) campusean osasungintzako arrazakeriaz eta segregazioaz hitz egingo du Maria Fuentes medikuak; "establishment-aren aurkako kazetaritzaz" egingo du gogoeta Ahoztar Zelaietak; Kubako eta Venezuelako egoeraz arituko dira Arantxa Tirado eta Leyner Ortiz; euskal erreakzioa hezurmamituko du Karla Pisanok; eta arte plastikoek "kultur-borrokarako tresna" gisa duten potentzialaz jardungo du Ekida Arte Ekimen Sozialistak, adibidez. Bilboko (Bizkaia) Herri Unibertsitatean, berriz, Ekialde Hurbileko inperialismoaren inguruan mintzatuko da Antxon Barroso, "jasangarritasunaren krisia" azalduko du Antonio Turielek, eta "EPK, ekonomialari kapitalisten amesgaiztoa" izango du hizpide Eneko Carrionek, besteak beste.

Gasteizen (Araba), "ondoezaren medikalizazioa” problematizatuko dute Maite Campo, Xabier Martinez eta Maider Bengoetxeak; "bizipenak" eta "munduan gertatzen ari dena" ardatz hartuta egingo dute solasaldi bat Joseba Sarrionandiak eta Bernardo Atxagak; mugimendu horren historiaz emango du hitzaldi bat Imanol Satrustegik; "kirola, errepresioa eta antifaxismoaren" arteko harremanaz arituko dira faxismoaren aurkako hainbat kolektibo; eta Irango gerraren inguruan hitz egingo dute Descifrando la guerra atariko Alejandro Lopezek eta Ander Sierrak.

Iruñean, sexu-industriaren inguruko hitzaldi bat eskainiko du Saretuk, euskararen aldeko borroka izango du mintzagai Aitor Bizkarrak, eta ofentsiba kapitalistaz eta mundu-mailako gerraz jardungo du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Baionako unibertsitatean, gainera, "hezkuntza-eredu enpresarialaz" eta faxismoaren aurkako borrokaz mintzatuko dira, besteak beste.

Aisialdiko eskaintza

Hitzaldi indartsuen eskaintzaz gain, aisialdiko ekimen ugariz gozatzeko aukera izango dute Herri Unibertsitatera bertaratuko diren gazteek; bai campusetan bertan, bai handik kanpo. Hamaika tailerretan parte hartu ahal izango dute hainbat jakintza elkarrekin lantzeko (zirkua, dantza, pirateoa, rugbya, zeramika, henna, grafitia, bitxigintza, argazkigintza…); eta ikuskizunak, bertso-saioak eta musika-emanaldiak ere antolatu dituzte tokian toki. Egitarauen parte izango dira, esaterako, White Carters, PIXA, Mirotz, Kunbialari, Araiz Vallejo, Mateo Zikuta, Black Snare, Mutiko eta Marmitako, Berandu Baino Lehen zein Gozaopati.

Hona hemen egitarau guztiak: