ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/14 18:57

Erraki babes sareak eta haren parte diren Langile Kontrolpeko Espazioetako kideek adierazpen bat egin dute, Antolakuntzari ateak ireki! Langile Kontrolpeko Espazioak aurrera! izenpean. "Biderkatzen ari diren erasoen aurrean", "maila handiagoan antolatzea" beharrezkoa dela nabarmendu dute adierazpen horretan, eta salatu dute gero eta zailagoa dela espazio berriak irekitzea, mantentzea eta defendatzea.

Izan ere, Errakiren arabera, "okupazioaren kontrako ofentsibak aurrera darrai": "Europako herrialde ezberdinetan ezartzen ari diren lege berriak, desokupazio talde faxisten gorakada zein masa-komunikabideen bidezko kriminalizazioa dira klase jabedunen arma nagusiak, okupazioari ate guztiak ixtera datozenak. Horien bitartez eraiki dute, hain zuzen ere, jabetza pribatuaren aldeko eta okupazioaren aurkako kontsentsu soziala: jabetza pribatua baldintzarik gabe babestu beharreko printzipio bihurtu da, okupazioa ekintza kriminal eta ez-legitimo baten moduan aurkezten duten bitartean".

Are latzago

Horri lotuta, adierazi dute arriskuan dagoela Langile Kontrolpeko Espazioen biziraupena bera, eta azpimarratu dute "gaztetxeak, zentro sozialak, etxebizitza okupatuak zein Zentro Sozialistak, okupazioaren kontrako ofentsibaren ondorioz, inoiz baino baldintza lazgarriagoetan" aurkitzen direla. "Espazio berriak irekitzea inoiz baino zailagoa da, horiek normaltasunez erabiltzeko gero eta arazo gehiago daude, eta desalojoak errepresio polizial perfekzionatuagoetarako laborategi bihurtu dira", dio Errakik.

Pandemia garaian, gainera, erasoak ugaritu direla salatu du babes sareak: "Azpimarratzekoa da pandemiaren harira hartutako osasun-neurrien aitzakiapean espazioen aurkako erasoak areagotu besterik ez direla egin: identifikazioak, ekimenak egiteko baimenen ukapena, espazioen itxierak, desalojo ilegalak, eta abar. Horietako batzuk, gainera, oinarrizkoenak diren eskubide politikoak urratzera ere iritsi dira; biltzeko eskubidea edota bizilekuaren bortxaezintasuna, besteak beste".

Errakiren esanetan, "oinarrizko eskubide politikoen ezabapena ez da espazioaren auzira mugatzen den zerbait, gizarteko arlo guztietan esku hartzera doan Estatuaren erreforma totalitarioranzko joeraren ondorio bat baizik". "Manifestatzeko, kalea erabiltzeko edota ideia politikoak adierazteko geroz eta askatasun gutxiago dagoen honetan, premiazkoa zaigu proletalgoaren jardun politikoa bideragarri egiten duten eskubide politikoak defendatzea", dio.

Espazioen defentsa eta askatasun politikoaren defentsa, eskutik

Errakik iritzi dio "politika egiteko gaitasunean eta baldintza errealetan" dagoela "eskubide politikoen esanahia", eta ez bere forma juridikoan: "Argi daukagu eskubidearen iturri bakarra antolakuntza sozialista dela; garai historiko bakoitzean burgesiaren dominazioa baldintzatzeko dagoen indar antolatua, alegia".

Eskubide politikoak, beraz, "zentzu zabal batean ulertu" behar direlakoan dago Erraki; "borrokarako ezinbestekoak diren baldintzen multzo gisara", hain justu. "Bestela, zertarako balio digu biltzeko eskubideak espazioetara sarbiderik ez badaukagu? Zer da kalea erabiltzeko eta manifestatzeko eskubidea poliziak nahieran jazartzen bagaitu? Non dago adierazpen askatasuna abestiak egiteagatik espetxeratzen bagaituzte? Eta zertarako balio du militantzia politikoa legezkoa izateak, talde faxistek militanteak jipoitu eta kaleetatik biolentziaz kanporatzen bagaituzte?", galdegin dute adierazpen bateratuan.

Errakiren hitzetan, "eskubide politikoen defentsa egitea borrokarako baldintzak borrokatzean datza"; hori dela-eta, Langile Kontrolpeko Espazioen defentsa eta proletalgoaren askatasun politikoaren hedapena guztiz lotuta doazela uste dute. "Politika independentari aukera guztiak ezabatzera datorren estatu totalitarioaren aurrean", beraz, proletalgo antolatuak zuzenean kontrolaturiko espazioak irekitzea, egonkortzea eta defendatzea "inoiz baino beharrezkoagoa" dela azpimarratu dute komunikatuan, "neurri handi batean, jardun politiko iraultzailearen hazkundea bultzatzeko oinarrizko baldintza baitira egungo testuinguruan".

Horrenbestez, okupazioaren kontrako ofentsibaren ondorioz biderkatzen ari diren erasoen aurrean, elkartasuna antolatuz indarrak metatzea funtsezkotzat jo dute, baita antolakuntzari ateak irekitzen jarraitzea ere: "Entzun dezatela jabetza pribatuaren printzipio klasistarekin lerrokatzen diren horiek guztiek, jabe handietatik txikietaraino, agente publikoetatik pribatuetaraino: jasandako eraso bakoitzari batasunez erantzuteko hautua egiten dugu. Antolakuntzari ateak irekitzeko unea da, Langile Kontrolpeko Espazioak defendatzeko, mantentzeko eta hedatzeko unea".

Hamaika eraso

Hainbat espaziok azken urtean jasan dituzten erasoak jarri dituzte mahai gainean; hala nola, Bilboko (Bizkaia) Etxarri gaztetxeak, Laudioko Gaztetxeak (Araba), Lizarrako (Nafarroa) Sugarra gaztetxeak, Beasaingo Gaztetxeak (Gipuzkoa), Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxeak, Barañaingo Gaztetxeak (Iruñerria, Nafarroa), Burlatako Gaztetxeak (Iruñerria, Nafarroa), Legutioko (Araba) Desjabetuen Hotelak zein Bilboko (Bizkaia) Leninen Txokoak, beste askoren artean. Errakik dioenez, eraso horiek "okupazioaren kontrako ofentsibaren adierazle gutxi batzuk besterik ez dira". 

Asteburuan Algortan (Bizkaia) jazotakoa ere salatu du. Ostiral arratsaldez gaztetxe berria ireki zuten han, eta ordu gutxiren buruan hustu zuten ertzainek. Horren aurrean, babes sareak adierazi zuen "espazioaren gaineko kontrolarekin loturiko testuinguru latzaren beste adibide bat gehiago" dela Algortakoa: ·Espazio berriak irekitzea, mantentzea eta defendatzea gero eta zailagoa den egoera batean gaude, esku-hartze bizkor eta bortitzek ezaugarritzen dutena. Behar-beharrezkoa zaigu elkartasuna gero eta maila handiagoan antolatzea".

NO HAY COMENTARIOS