ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/22 14:22

Aurrerantzean bide propio bati ekingo dio Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, orain arte Errakiren baitan antolatu izan diren eragileek eta espazioek xehatu dutenez. Izen berri hori hartu du, hain zuzen, aurrerantzean "espazioaren gaineko langile kontrolaren alde eta desalojoen kontra" jardungo duen topalekuak. "Urteetako saretzearen emaitza da" Defentsa Komunitate hori. "Langile Kontrolpeko Espazioen arteko saretzeak eta autodefentsa ahalmenak egungo heldutasun maila eskuratuta, orain arte Errakik hauspotutako antolaketa prozesuak bere bide propioa egin dezakeelakoan gaude", zehaztu du Errakik.

Errakik berak, hemendik aurrera lan horretan izango ez bada ere, lanean segituko du: "okupazioaren kontrako ofentsiba borrokatzen eta Langile Kontrolpeko Espazioen zilegitasuna indartzen" jarraituko du.

Gogorarazi duenez, "Langile Kontrolpeko Espazioen defentsa antolatzeko aurkitzen ziren zailtasunak gainditzeko" asmoz sortu zen Erraki 2019an: "Okupatutako espazioen zaurgarritasuna eta ezegonkortasuna zela-eta, urgentziazkoa zen defentsarako baliabide eraginkorrak antolatzea". Hain justu, "norabide horretan egin du lan" Errakik azken urteetan, "babes sare forman". "Lokalismoaren mugak gaindituz, espazioen artean elkartasuna saretzeko eta gatazka bakoitzari batasunez erantzuteko bidea ireki genuen", esan dute Errakiko kideek.

"Ordutik egindako aurrerapenak" begi bistakoak direla uste dute, "hasiera batean maila lokalean bakanduta zeuden espazioen artean autodefentsa kolektiboki antolatzeko pausoak" eman direla azpimarratuta. "Ekintza batasunari esker" izan diren lorpenak ekarri dituzte gogora; hala nola, Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxea, Lizarrako (Nafarroa) Sugarra Gaztetxearen eta Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialistaren egonkortzea, Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuaren aurka eta Errotxapeako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxearen desalojoaren harira izan diren isunei erantzun ahal izatea. Gainera, "defentsarako baliabideak" urtez urte "indartu" direla nabarmendu du Errakik; "errepresioari aurre egiteko guztiz ezinbestekoa izan den Erresistentzia Kutxa Nazionala, adibidez". "Lortutako garapen mailak", ordea, Langile Kontrolpeko Espazioen defentsan "bide propioak egiteko baldintza nahikoak" jarri ditu, Errakiren arabera.

NO HAY COMENTARIOS