ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Diario De Navarra
2025/12/06 10:24

Iruñeko (Nafarroa) kartzelan beste pertsona bat hil dela jakinarazi zuen atzo Nafarroako Salhaketak. Joan den azaroaren 30ean izan zen heriotza, baina oraindik ez dute kausei buruzko informazio ofizialik eman agintaritzek. Salhaketak jakin duenez, ordea, ulertzera eman dute pneumonia edo birika-mina izan daitezkeela heriotzaren arrazoiak.

"Gertaera tragiko hau asteburuetan Iruñeko espetxearen barruan egon den mediku falta etengabearen barruan kokatzen da", azaldu du kolektiboak. Izan ere, aspalditik salatu du asteburuetan medikurik ez dagoela; "ez bakarrik eragiten duen mediku-arreta faltagatik, baizik eta presoek duten babesgabetasunagatik, prestakuntza espezifikorik ez duten funtzionarioak direlako erizaintzako modulura bideratzea edo medikuari espetxera joateko eskakizuna baloratzen dutenak".

Kartzela-Ospitalea

Salhaketak gogorarazi du, gainera, kartzelan gertatzen diren heriotzak ez direla "kasu isolatuak": "Urtarrilean publikoki salatu genuen Iruñeko espetxean beste preso baten heriotza, eta ekainean jakin genuen, halaber, beste preso bat hil zela, ospitaleratuta zegoela Nafarroako Osasun Zerbitzuan". Azken kasu horretan, gerora hildako pertsonak hiru aldiz eskatu zuen espetxetik irten ahal izatea, bai bere adinagatik bai bere "osasun-egoera delikatuagatik", baina ezezkoa jaso zuen guztietan.

Espainiako Estatuko Espetxe Instituzioen arabera, urtean 189 presok galdu zuten bizia 2017 eta 2023 artean. Baina ñabardura bat egin du Salhaketak: "Zifra horiek kanpoan uzten dituzte beren bizitzako azken uneetan ospitaleetara ateratzen dituzten preso guztiak". Uste du posible dela horixe izatea aipatutako azken bi heriotzen kasua, ez baitago erabat argi azaroaren 30ean zendu zen pertsona presoa non hil zen, "Iruñeko espetxe barruan edo behin ospitalera atera zutenean".

Espetxea eta Nafarroako Gobernua erantzule

Salhaketako kideek ohartarazi dutenez, Espainiako Estatuko Espetxe Lege Organiko Orokorrak markatzen du Espetxe Administrazioa behartuta dagoela "presoen bizitza, osotasuna eta osasuna bermatzera"; baina, horrez gain, Nafarroako Gobernuak 2021ean hartu zuen kartzelen eskumena. "Bi erakundeak dira, beraz, presoen eskubideen berme-emaileak".

"Eskumena duten agintariei" eskatu die "ikerketan gardentasuna bermatzeko", azaroaren bukaeran izandako azken heriotzari dagokionez batik bat, eta "halako egoerak saihesteko neurri eraginkorrak ezartzeko".

NO HAY COMENTARIOS