ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
euskalerriairratia.eus
2019/12/16 19:07

Nafarroako Volkswagen enpresako langile batzordeak grebara deitu zuen pasa den ostegunean, enpresak mutualitate pribatu bati kontratua egiteko asmoa adierazi baitzuen, gaixotasun arruntekin lotutako bajak kudeatzeko. Horrela, ordura arte osasun sistema publikoak egiten zituen kudeaketak enpresa pribatu baten esku geldituko lirateke. Enpresako langileen ustez, modu horretan, "prebentzioa eta langileen osasuna eta bizitza hobetu beharrean, kontrola eta presioa areagotu nahi ditu" enpresak, "langileak gaixorik joan daitezen lantokira".

Dena den, Volkswagen enpresako langile batzordeak greba bertan behera uztea erabaki du gaur, sindikatuek hala proposatu ostean. Sindikatuetako ordezkariek enpresako hainbat goi kargudunekin egin duten bilera sorta baten ondoren etorri da aipaturiko proposamena; izan ere, bilera horietan, bi aldeek adostu dute mutualitatearen kontratua 2021. urtean jartzea martxan. Horrenbestez, protestak albo batera utzi dira momentuz, baina ez da lortu Volkswagenek mutualitate pribatu bat kontratatzeko erabakia atzera botatzea; kontratua 2021. urtera atzeratzea baizik.

Horretaz gain, sindikatuek eta enpresako ordezkariek, txosten baten erredakzioan elkarrekin lan egiteko konpromezua hartu dute, "Nafarroako Volkswagen enpresan, osasun egoera hobetzeko". Enpresaren zuzendaritzaren ustez ordea, txosten horrek, "enpresak merkatuan lehiatzeko duen gaitasuna hobetzeko" balioko du.

Erabakiaren ondoren, UGT sindikatuko kide batek, negoziaketaren eta paktuaren balioak azpimarratu ditu.