Lurreko mugetan kontrolak areagotuko ditu Frantziako Gobernuak, gutxienez, aurtengo azaroaren 1etik 2025eko apirilaren 30era bitartean. Hala jakinarazi dio Europako Batzordeari, ohiko argudio batzuei helduta: legez kontrako immigrazioak eta "migrazio irregularra errazten duten sare delitugileen presentziak" gora egin dutela dio gobernuak; baita "politika publikoa, ordena publikoa eta barne-segurtasuna larriki arriskuan" daudela ere, aipatutako sareez gain, ustezko "jarduera terrorista" batzuk direla-eta.
Hori guztia aitzakiatzat hartuta indartuko ditu lurreko muga guztietako polizia-kontrolak: alegia, Alemaniako, Belgikako, Italiako, Luxenburgoko eta Suitzako mugetan, bai eta Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko mugetan ere. Lurreko mugez gain, baliteke neurri errepresiboak itsasoko migrazio-bideei ere eragitea.
Schengen eremuaren parte dira aipatutako herrialde guztiak. Teorian, eremu horren barruan, zirkulazio askea ezartzen da pertsonen artean. Araudiak aukera ematen du, dena den, mugetan behin-behineko kontrolak ezartzeko, "larrialdi-egoera bat" dela irizten bada. Irizpide horri jarraitu zion Frantziak joan den udan ere, Olinpiadak aitzakia modura erabilita, uztailaren amaieratik abuztuaren erdialdera bitartean kontrolak gogortu zituenean.
Oraindik ez dute argitu datozen hilabeteetan kontrol-eremu sistematikoak jarriko dituzten, edo kontrol aleatorioak izango diren. Frantziako Gobernuaren esanetan, Italiako muga oso kontrolatuta dago jadanik, Italiako agintaritzekin elkarlanean, eta neurria "eraginkorra" ari omen da izaten.
Faxisten eskaera bat
Hilabete ere ez da igaro Frantzian gobernu berria izendatu zutenetik, Michel Barnier kontserbadorea lehen ministro dela. Eskuinerantz biratutako gobernu berriarentzat ezinbestekoa da Marine Le Penek gidatutako sektore faxistaren babesa, eta badirudi kontzesio batzuk egin dizkiola jadanik: mugetako kontrolak zorroztea izan da Le Penek eskatu izan duen neurrietako bat.
Neurri bera Alemanian, eta immigrazioaren kontrako proposamenak mahai gainean
Alemanian ere neurri bera hartu du berriki gobernuak, "immigrazio irregularra murrizteko" asmoz. Irailean jarri zituzten kontrol berriak Belgikako, Danimarkako, Frantziako eta Herbehereetako mugetan, eta indarrean segitzen dute Suitzako, Austriako, Txekiar Errepublikako eta Poloniako mugetakoek. Frantzian gertatu bezala, Alemaniako faxistek, hala nola fD alderdiak, presio handia egin diote gobernuari azken hilabeteetan, immigrazioaren eta pertsona migranteen kontrako neurriak har ditzan.
Eta horixe da joera, orokorrean, Europar Batasunean. Aurreko astean egin zuten goi-bilera bat 27 estatu kideek, besteak beste, immigrazioari buruz mintzatzeko. Badirudi are gehiago zaildu nahi dutela herrialde batzuetatik Europara
immigratzea, eta militarizatutako mugak gainditzea lortzen duten
pertsona migranteak errazago deportatu nahi dituzte. Horretarako, besteak beste, atzerrian deportazio-zentroak eraikitzeko aukera aztertzen ari dira.