ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/23 09:35

"Mundu osoko herrialdeetako milaka agintari eta enpresaburu batuko dira egun hauetan hemen, larrialdi klimatikoaren harira negozio berriak zelan zabaldu aztertzeko eta kapitalisten irabaziak handitzen saiatzeko" adierazi dute gaur Barakaldon (Bizkaia), Munduko Bankuari ez! lelopean egindako manifestazioaren amaieran.

Gaur hasi da Munduko Bankuaren urteroko Innovate4Climate konferentzia, BECen, eta horren harira egin zuten bat Euskal Herriko 30 kolektibok baino gehiagok, Munduko Bankuari ez! aldarritzat hartuta. Goi-bileraren kontra protesta egitera eta "krisi ekologikoaren eta langileriaren miseriaren erantzule den oligarkia finantzarioa" seinalatzera deitu zuten.

Gaur arratsaldean izan da mobilizazio bateratua, 18:30ean Barakaldoko plazatik abiatuta. Bukaeran, manifestariek argi hitz egin diete goi-gailurrean parte hartzen ari diren guztiei: "Zuek zarete ingurumenaren suntsipenaren eta mundu osoko langileon miseriaren erantzuleak".

Elite ekonomikoen menpe

"Mendebaldeko oligarkia finantzarioak bere intereseko politika ekonomikoak mundu mailan egikaritzeko sortu dituen instituzioen adibide da Munduko Bankua, esaterako Nazioarteko Diru Funtsa (FMI) edo Munduko Merkataritza Erakundea (OMC) diren bezala", gogorarazi dute. Salatu dutenez, elite ekonomikoek "Munduko Bankua bezalako instituzioak baliatzen dituzte, adibidez, NATOrekin eta Europar Batasunarekin batera, munduko hegoaldeko lurraldeen gaineko dominazio inperialista ezartzeko". Hori guztia "herrialde azpigaratuetan inbertituz, lehengaiak esplotatuz eta bertako langileriaren gainesplotazioa bultzatuz" egiten dute, manifestarien arabera.

"Mendebaldeko oligarkia finantzarioak bere intereseko politika ekonomikoak mundu mailan egikaritzeko sortu dituen instituzioen adibide da Munduko Bankua"

"Atzeraldi ekonomikoko uneotan", gainera, "estatuen eta horien politika nagusien gaineko kontrola" eta "herrialdeek sistema globalean duten posizioa zehazteko gaitasuna" areagotu ditu oligarkiak, gaurko manifestazioan ohartarazi dutenez. "Langile klase osoaren pobretzea bultzatzen duten politiken arduradun zuzentzat" jo dute oligarkia hori; aipatutako erakundeen bitartez, besteak beste, "soldaten jaitsiera orokorra, zorpetze masiboa eta zerbitzu publikoen desegitea" sustatzen dituztela nabarmenduta.

Ustezko kezka ekologistaren fartsa

"Konferentzia honetan `[Innovate4Climate] erabiltzen duten ekologiaren inguruko diskurtsoa ez dator inondik inora
ingurumenaren suntsipenak eragiten dien kezkatik", xehatu dute berriz Munduko Bankuari ez!-eko antolatzaileek. "Agintari ekonomikoentzat, larrialdi klimatikoa negozio eta merkatu berriak zabaltzeko aukera bat besterik ez da", gaineratu dutenez; hala nola, "energia berriztagarrien merkatua, inguru naturalak suntsitzen dituzten makroproiektuak, klima aldaketak kolpatutako lurralde txiroen berreraikuntza, eta abar".

"Agintari ekonomikoentzat, larrialdi klimatikoa negozio eta merkatu berriak zabaltzeko aukera bat besterik ez da"

Horren adibide modura aipatu dituzte "Euskal Herriko hainbat txokotan, ezkerreko zein eskuineko alderdien oniritziarekin, hainbat enpresak aurrera daramatzaten zentral eolikoen makroproiektuak" ere. Iritzi diote, beraz, "konponbidea" ez dela "inola ere etorriko enpresari handiek gidatutako ustezko politika jasangarrien eskutik".

Larrialdia

"Urgentzia erabatekoa da", azpimarratu dute gaurko hitzaldian: "Gizarte eredu kapitalistak atzerabiderik gabeko egoera batera darama larrialdi klimatikoa, eta horrekin batera erabateko miseria egoerara langile klasea". Salatu dute, gainera, "arku parlamentario osoko alderdi instituzional guztiek oligarkia finantzarioak zehaztutako mugen barruan kokatzen" dituztela euren programa politikoak, eta "dirua jartzen duten horien aginduak gauzatzera mugatzen" direla.

"Ez dira gutxi energia berriztagarrien aitzakiapean eta ingurumena suntsituz euren poltsikoak betetzen ari diren politikari eta enpresariak, hauteskunde garaian beste zerbait irudikatzen saiatzen badira ere"

Horren islatzat dituzte "Europar Batasunak ezarritako deskarbonizazio irizpideak, lurralde osoan zentral
berriztagarri handiak eraikitzera bultzatzen dutenak", edota "azken asteetan onartu den EAEko Lurralde Plangintza Sektorial berria". "Kapitalismoaren barruan jasangarritasun ekologikoa bultzatzeko proposamenek ezin dute oligarkia
finantzarioak planifikatutako politiketatik at jardun", iritzi diote manifestariek: "Ez dira gutxi energia berriztagarrien aitzakiapean eta ingurumena suntsituz euren poltsikoak betetzen ari diren politikari eta enpresariak, hauteskunde garaian beste zerbait irudikatzen saiatzen badira ere".

Gizartea antolatzeko beste modu bat

"Ezinbestekoa da kapitalismoarekin bukatzea; hau da, ekoizpena merkatuaren agintetik at antolatzea, lehengaien erabilera jasangarria eta ingurugiroarekin harreman orekatua gauzatzea ahalbidetuko duen gizarte eredu berria eraikitzea", esan dute ozen Barakaldon. "Gizartea antolatzeko beste modu bat" aldarrikatu dute, "ingurugiroarekin orekan eta ezberdintasun sozialak gaindituz".

Beharrezkotzat jo dute, horretarako, "langileok antolatzea" eta, besteak beste, goi-bileran parte hartzen ari direnei "boterea kentzea, ekoizpen baliabideen kontrola gureganatuz; horien erabilera, interes berekoien eta pribatuen araberakoa izan beharrean, interes sozial orokorren araberakoa izan dadin".

"Ezinbestekoa da kapitalismoarekin bukatzea; hau da, ekoizpena merkatuaren agintetik at antolatzea, lehengaien erabilera jasangarria eta ingurugiroarekin harreman orekatua gauzatzea ahalbidetuko duen gizarte eredu berria eraikitzea"

NO HAY COMENTARIOS