Lehen erasoa Tuteran (Nafarroa) izan zen, larunbatean. 35 urteko gizon batek etxean eraso zion bikotekideari, goizeko 10:30ean. Atxilotu dute gizona. Igandean, berriz, gaueko 00:30ean, emakume batekiko urruntze-agindua apurtu zuen 44 urteko gizonezko batek, eta atxilo eraman zuten.
Zazpi eraso matxista Iruñerrian
Aurreko ostiralean bi eraso matxista salatu zituzten Iruñerrian (Nafarroa). Lehena 20:00etan izan zen, Biurdanan: emakume bat ukabilkadaz kolpatu zuen bere bikotekide ohiak. Bigarren erasoa ordu eta erdi beranduago jazo zen, Bigarren Zabalgunean. Emakume bat iraindu, mehatxatu eta bultzatu zuen 37 urteko bere bikotekideak. Erasoa salatu zuen emakumeak, eta gizona atxilotu zuten.
Lezkairu auzoan ere eraso baten berri eman dute. Azaldu dutenez, 25 urteko gizon batek bere bikotekide ohia kolpatu zuen larunbatean, zauriak eginez. Aurpegia eta sudurra odoloztuta zituen emakumeak. 13:00etan komisariara joan zen erasotzailea, eta bertan atxilotu zuten.
Larunbat gauean zehar, beste bi eraso atera ziren argitara Nafarroako hiriburuan. 21:45ean, emakume baten atarira bertaratu zen bere 25 urteko bikotekide ohia, aurretik ezer esan gabe. Emakumea iraindu, jarraitu eta lepotik heldu zuen. Gaueko ordu txikitan, bestalde, bikotekideari eraso eta mehatxu egin zion 25 urteko beste gizon batek, Irunlarrea auzoko etxe batean. Erasoa salatu zuten, eta atxilotu egin zuten gizona.
Igandean, gainera, beste bi eraso matxista salatu zituzten. Txantrean izan zen lehena, arratsaldeko 15:00etan. 29 urteko gizon batek amari eraso zion, eztabaidatu eta iraindu ondoren. Mehatxatu eta bultzatu egin zuen emakumea. Errotxapea auzoan, berriz, gaueko 22:50ean jazo zen eraso bat: emakume bati mehatxu egin zion 26 urteko bikotekideak.