Beste desokupazio-enpresa baten jardun faxistaren berri eman du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Oraingoan, Balkanguard enpresako desokupak ari dira familia bat etxegabetu nahian, Lizarran (Nafarroa). Lizarrako Etxebizitza Sindikatuarekin dago antolatuta familia hori, eta jakinarazi du asteak daramatzala desokupen jazarpena eta presioa jasaten, etxetik alde egin dezan.
Lizarrako etxe batean alokairuan bizi da familia, eta hainbat urte daramatza han. Dena den, etxearen jabeak handik kanporatu nahi ditu orain, eta desokupazio-enpresa batengana jo du horretarako. Desokupek telefono-dei nahiz mezu bidez egiten diote presioa familiari, etxea utz dezan esanez. Gainera, orain dela gutxi, atarira bertaratu ziren Balkanguardeko bi matoi: mehatxu egin zieten kaleratze arriskuan dauden bizilagunei, eta agiri bat sinatzera behartu nahi izan zituzten. Agiri hori sinatuta, etxea uzteko konpromisoa hartzen zuten haiek.
"Mehatxu eta presio bidez kaleratu nahi dituzte eta, beraz, etxegabetze estrajudizial bat izateko berehalako arrisku baten aurrean gaude", azaldu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Adi egon behar gara, eta argi adierazi nahi dugu desokupazio faxistei aurre egingo diegula".
Desokupazio-enpresen esku-hartzeak, gora
Etxebizizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi duenez, desokupazio-enpresen jarduna areagotzen ari da azken urteetan, "faxismoaren behar gero eta handiagoa dutelako jabedunek": "Legea heltzen ez den lekuetara heltzen da enpresa horien indarra eta, modu horretan, jabeek nahieran kaleratzen dute proletalgoa; etxebizitzak salgai jartzeko, maizterrak aldatu eta alokairu prezioak igo ahal izateko, eta abar".
Nabarmendu du, gainera, "enpresa horien jarduna ez dela okupazio kasuetara mugatzen": "Ordaintzen duten maizterren aurkako tresna ere izaten ari dira jabeen eskuetan". Desokupazio-enpresak, hala, jabeek "irabaziak metatzeko beste tresna bat" direla seinalatu du sindikatuak; eta, horregatik, "indar polizialek eta botere judizialak" ez dizkietela "oztopoak jartzen euren jardunari". Horren ordez, "kontrara, guztiek enpresa faxista horien jarduna errazteko testuingurua sortzen" dutela nabarmendu du, eta "proletalgoaren kriminalizazioan sakonduz, jarrera autoritarioak hedatuz edota jabeen eta desokupazio enpresen inpunitate osoa bermatuz" egiten dutela hori.
Batzarra ostiral honetan, Lizarran
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak konpromiso osoa erakutsi du desokupazio-enpresa faxistei aurre egiteko, eta haien jazarpena jasaten ari direnei, dei egin die sindikatuarekin harremanetan jartzera. "Desokupazio enpresei aurre egiteko Autodefentsa Sozialista antolatzea ezinbestekoa da", gaineratu du.
Lizarrako Kontseilu Sozialistak ostiral honetan egingo du batzar bat, aipatutako familia bizitzen ari den egoera azaltzeko eta kasuaz hitz egiteko. Sugarra Gaztetxean izango da bilkura, urriaren 27an, 19:00etan.
Beste kasu bat Gasteizen
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak orain dela gutxi, irailaren amaieran, jakinarazi zuen beste desokupazio-enpresa baten jazarpena ari zela pairatzen familia bat Gasteizen (Araba). Familia hori ere alokairuan bizi da pisuan, 2021etik.