AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/26 12:09

Etxejabearen kaleratze saiakerak, presioa eta jazarpena lehenengo, eta desokupazio-enpresa baten mehatxuak eta jazarpena orain. Horixe da Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide bat eta bere senideak Gasteizko (Araba) Zaramaga auzoan bizitzen ari direna, sindikatuak berak salatu duenez. Familia 2021etik bizi da Zaramagako pisu batean, alokairuan, eta "gaizki idatzitako eta abusuzko klausulak zituen" kontratu batekin sartu zen han bizitzera.

Etxejabeak aurten esan zion familiari etxetik bota nahi zuela, pisua "erabilera propiorako" nahi omen zuelako. Hori baieztatzen zuten agiriak eskatzean, ordea, ez zuen ezer erakutsi jabeak. Familiak, beraz, alokairua ordaintzen eta pisuan bizitzen jarraitu zuen, eta diru hori guztia jasotzen eta onartzen segitu zuen alokatzaileak. Joan den maiatzean, baina, jarrera aldatu zuen eta alokatutako pisura bertaratzeari ekin zion, alokairuan bizi den familia jazartzeko eta handik botatzen saiatzeko.

Etxejabearen eraso zuzenak eta presioa

Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea den bizilagunari eta bere senideei "etengabe enbarazu, mehatxu eta eraso egiten" hasi zen etxejabea. Familia kanporatzeko presio modura, birritan aldatu zuen trastelekuko sarraila, haien gauzak hartu ahal izatea galarazteko. Ekainean, gainera, areagotu egin zen jazarpena: norbaitek txerri baten burua eta hankak utzi zituen etxeko atearen aurrean, jazarria izaten ari zen familiak ikus zitzan.

Desokupazio-enpresa baten esku-hartzea udan

Egoera are gehiago larriagotu zen etxejabeak desokupazio-enpresa batengana jo zuenean eta soldatapeko matoi batzuek esku hartu zutenean. Uztailean hasi zen Desokupación Legal enpresaren jazarpena, sindikatuko kidea den bizilagunarekin harremanetan jarri zenean: pisutik alde egin zezan konbentzitzen saiatu zen, "laguntza ekonomiko txiki bat" eskainita, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez.

Hilabete honen hasieran, irailean, Desokupación Legal enpresaren pegatina bat agertu zen etxeko atean, eta mugikorrean audio bidezko hainbat mezu jaso zituen bizilagunak: desokupazio-enpresako kideen mehatxuak eta irainak entzuten dira mezu horietan. Egoera hilabete honetan "konpondu" nahi dutela diote matoiek, "gaitz handiagoak saihesteko". Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakitera eman duenez, atzo bertan, irailaren 25ean, desokupazio-enpresako bi kide bertaratu ziren etxeko atarira, "mehatxuka".

"Pertsona horiek etxera berriro joateko eta gure kidea eta haren familia indarrez kanporatzen saiatzeko arriskua dugu", seinalatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Ohartarazi du "etxegabetze saiakera legez kanpokoa" dela, "familia etxebizitzan bizi baita kontratuarekin, eta alokairua ordainduta". "Jabea, desokupazio-enpresa hori kontratatzean, legez kanpoko etxegabetze bat egiten saiatzen ari da", argitu dute sindikatuko kideek.

Linbo bat

Desokupazio-enpresen "izaera faxistari" egin dio azpimarra Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Jabe handiek eta, batez ere, jabe txikiek kontratatzen dituzte, legez kanpo eta parapolizialki jarduteko. Estatua iristen ez den lekura heltzen da faxisten indarkeria. Inpunitate osoz jarduten dute, bai okupazio kasuetan, bai kasu honetan, non maizterrak legez bizi diren".

Sindikatuko kideek ñabartu dute "indar polizialek, instantzia judizialek eta administrazioek ahalbidetzen" dutela desokupazio-enpresen jardun hori, "prozesu orokor bat bultzatzen dutelako: proletalgoa errentagarriak ez diren etxebizitza-modalitateetatik kanporatzea". Gehitu dute "proletarioen kriminalizazioaren arduradun" direla enpresa horiek, "txiroa kanporatzeaz gain, prozesu hori justifikatu eta defendatuko duen testuinguru sozial bat sortzen laguntzen baitute".

Asanblada bat ostiralean

Arriskua ikusita, berehalako asanblada batera deitu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: ostiral honetan izango da, 19:00etan, Zaramaga auzoko Fermin Lasuen kaleko 1. zenbakian.

Antzeko egoerak jasaten ari diren pertsonei gogorarazi diete, gainera, lekuan lekuko Etxebizitza Sindikatuengana jo dezaketela babesa behar badute. Salatu dute halako egoeretan "ez erakundeek, ez epaitegiek, eta are gutxiago Poliziak" ez dituztela kaltetuak inola ere "defendatuko".

EZ DAGO IRUZKINIK