ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: francebleu.fr
2021/04/02 09:58

Baionako (Lapurdi) auzitegian asteazken honetan izan dute hizpide 2009an gertatutako eraso bat: Arena diskotekako gaualdi baten ostean, emakume bat bortxatu eta larriki zauritu zuten bi gizonezkok. Epaileak 20 urteko kartzela zigorra aurreikusi du erasotzaileentzat.

2009an jarri zuten martxan ikerketa baina, froga eskasia zela-eta, ez zuten erasotzailerik identifikatzea lortzen. Hamabi urte beranduago identifikatu dute erasotzaileetako bat DNA frogen bidez. Izan ere, etxeko bortizkeria kasu bategatik atxilotua izan da gizona, eta bere DNAk bat egin du 2009an ateratako esperma lagin batekin. Urte horretako lekukotasun baten bidez lortu du poliziak jakitea norekin igaro zuen gaualdia atxilotuak, eta horrela atzeman dute bigarren erasotzailea ere.

Hamabi urte atzera

2009ko urriaren 3ko gauean izan zen erasoa, Baionako Arena diskoteka ondoko Errobi erreka bazterrean. 40 urteko emakumea bortizki kanporatu zuten diskotekako segurtasun-agenteek, eta gas negargarriak ere erabili zituzten haren aurka. Orduan egin zioten eraso bi gizonezkoek: bortxatu eta kolpatu egin zuten. Hamabi hezur-haustura zituela ospitaleratu zuten gero emakumea, eta bizitza guztirako elbarri da geroztik.

Erasotzaileek 19 eta 29 urte zituzten garai hartan. Talde bortxaketa, bortizkeria eta erasotutako emakumea elbarri uztea leporatzen diete biei, eta 20 urteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete.

Momentuz, erasotzaileetako bat giltzapetu dute eta epailearen erabakiaren zain da bestea. Berez, espetxe zigorra betetzen hasi beharko lirateke epailearekin bildu ondoren.