ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/24 09:52

Neurketek berriz erakutsi dute toxiko kantitatea hazten ari dela Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiaren eragin-eremuan. Herbereetako ikerketa-zentro bat, Toxicowatch, erraustegia martxan jarri aurretik hasi zen eremu horretako toxikotasuna neurtzen; 2019an, hain zuzen ere. 2020an piztu zuten guztiz erraustegia, eta urtero-urtero egindako neurketek frogatzen dute ordutik igo egin dela toxikotasuna.

Ikerketa-zentroa urtero aritu da erraustegiaren eragin-eremuko hainbat elementu aztertzen: inguruko zuhaitzak, sedimentuak, ura, oiloen arrautzak eta amen esnea ikertzen ditu, toxikotasuna neurtzeko. Lagin horiek diotenez, erraustegia martxan jarri zenetik, gora egin du toxiko kantitateak.

Berriki Hernanin (Gipuzkoa) aurkeztu ditu bere ikerketaren azken emaitzak Toxicowatch-ek. Azaldu du, 2019ko azterketekin alderatuta, toxikotasun handiagoa atzeman dutela laginetan 2022an eta 2023an. Arrautzetan eta landareetan, adibidez, dioxina kantitatea nabarmen hazi dela dio.

Erraustegitik 5 kilometrora dagoen baserri bateko oiloen arrautzetan 7,6tik 35era igo da kantitatea 2019tik, nahiz eta igoera hori eragin dezaketen elementu gehiago ere hartu dituzten kontuan. Erraustegitik metro gutxira dagoen toki bateko goroldioan, berriz, 0,13tik 29,38ra egin du gora dioxina neurketak.

Osakidetzaren mende dagoen Biogipuzkoa zentroak ere egin ditu, ustez, hainbat neurketa. Hala ere, oso emaitza desberdinak plazaratu ditu: esan du, oraingoz, ez duela sumatu erraustegiak eraginik izan duenik toxikotasunaren areagotzean.

Toxicowatch-ek gutxienez 2025ra arte jarraituko du neurketak egiten. Madrilgo, Parisko, Belgikako, Txekiako, Lituaniako eta Herbereetako erraustegi banaren ondorioak ere ari da aztertzen, Zubietakoarekin batera.

NO HAY COMENTARIOS