ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/25 13:00

Milaka pertsona atera dira kalera gaur, azaroaren 25ean, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki aldarri modura hartuta. Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak Euskal Herri osoko 29 herritan egin ditu mobilizazio deialdiak gaur iluntzerako; hain justu, Altsasun (Nafarroa), Azkoitian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Basaurin (Bizkaia), Beasainen (Gipuzkoa), Bergaran (Gipuzkoa), Bermeon (Bizkaia), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Elorrion (Bizkaia), Garesen (Nafarroa), Gasteizen (Araba), Gernikan (Bizkaia), Hernanin (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), Lakuntzan (Nafarroa), Lekeition (Bizkaia), Lizarran (Nafarroa), Luhuson (Lapurdi), Mungian (Bizkaia), Ondarroan (Bizkaia), Portugaleten (Bizkaia), Tolosan (Gipuzkoa), Zarautzen (Gipuzkoa), Zestoan (Gipuzkoa) eta Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa).

Manifestazioen ostean, gaurko aldarrien inguruko hainbat adierazpen egin dituzte Itaiako kideek. "Gizartean indarkeria matxistaren aurkako jarrerak nagusitzen ari badira ere, indarkeria matxista kasuek gora egiten dute eta zabalpen handiagoa daukate", azaldu dute indarkeria matxistari buruz: "Egunerokoan aurki ditzakegu jipoi, bortxaketa zein erailketen albisteak. Gainera, baliabide teknologikoen garapenaren eta irisgarritasunaren ondorioz, forma berriak hartu ditu indarkeriak azken urteetan. [...] Krisi testuinguruan, indarkeria areagotu eta gogortu egiten da: miseria ekonomikoak indarkeriaren formak normalizatzen ditu".

Instituzioen eta alderdien itxurakeria eta mugak

Aurretik egin bezala, instituzio publikoen "fartsa" jarri dute jopuntuan Itaiako kideek, bai eta alderdi politikoen jarrera ere: "Instituzioetatik eta alderdi politikoetatik gero eta politika feminista gehiago proposatzen dira. Aldiz, politika horiek indarkeria matxistaren kudeaketara eta norbanakoaren lanketara bideratutako lan ideologiko eta pedagogikora mugatzen dira". Horregatik azpimarratu dute politika horiek ez daukatela benetako "asmorik" indarkeria matxistarekin "amaitzeko", eta nabarmenak direla "muga ekonomikoak" indarkeria matxistaren "kudeaketan".

"Hain entzutetsuak diren Bai bakarrik da bai bezalako legeak martxan jartzen badituzte ere, egunerokotasunean aurkitzen duguna oso bestelakoa da: babes etxebizitzak kolapsatuta, psikologia-zerbitzuetarako izugarrizko itxaron-zerrendak, prozesu judizial luze eta trabaz beteak, eta abar" seinalatu du Itaiak.

"Gizarte kapitalista oinarri ekonomikoaren baitan antolatzen da", ohartarazi du: "Momentuko gaitasun ekonomikoaren eta interes politikoaren araberakoak dira instituzioetatik proposatzen diren politikak. Modu horretan, emakume langileon babesa eta defentsa albo batean geratzen direla uste dugu".

Borrokarako bide-orri bat

"Indarkeria matxistarekin amaitzeko ezinbestekoa da emakume langileon egiturazko zapalkuntzarekin amaitzea" esan du Itaiak gaurkoan ere. Bide horretan, ezinbestekotzat jo du, esaterako, "lan-baldintza txarrak, pobrezia, egiturazko langabezia, gure gorputzen sexualizazioa eta merkantilizazioa, zaintza-lanen ardura eta abar borrokatzea", horiek guztiak "emakume langileok bigarren mailako subjektu egiten gaituzten eta, beraz, indarkeria matxista indartzen eta normalizatzen duten baldintza ekonomiko eta kulturalak" direla seinalatuta.

"Zertarako balio du milioika emakume esplotatzen gaituzten enpresa, multinazional edota instituzioek indarkeria matxistaren aurkako kanpainak egiteak edota horien egoitzak morez argiztatzeak?", galdegin du Itaiak: "Argi daukagu, emakumeon zapalkuntza beraien interes ekonomikoak bermatzeko behar duten horiek eta emakume langileon askatzea helburu dugunok ez dugula inondik inora jardunerako norabiderik elkarbanatzen".

Horri lotuta, Itaiako kideek funtsezkotzat jo dute "instituzioen berdintasun faltsutik kanpo antolatzea", eta norabide horretan kokatu dituzte, besteak beste, Euskal Herriko hainbat eskualdetan "indarkeria matxistari aurre egiteko sortutako defentsa espazioak".

"Emakume guztiok indarkeria egoeratik askatzea dugu xede eta horretan lan egingo dugu gaurdanik", berretsi du Itaiak. Konpromisoa hartu du, hala, "emakume langileon zapalkuntza egoerarekin amaitzera" begirako "borroka ekonomiko eta politikoak martxan jartzeko", "indarkeria matxista normalizatzen duten instituzioei aurre egiteko", "instituzioek indarkeria matxistaren aurrean proposatzen dituzten kanpainen eta protokoloen mugak seinalatzeko" nahiz "interes ekonomiko kapitalistetatik at garatuko den antolakuntza sozialista eraikitzeko" bidean urratsak egiteko.

NO HAY COMENTARIOS