Aurreko larunbatean, maiatzaren 24an, hainbat ordutako lanuzte bat egin zuten arratsaldez Iruñeko (Nafarroa) hiri-garraioko langileek. Horrekin batera, manifestazio bat egin zuten hirian barrena, Labriteko aldapatik abiatuta: Hitzarmen duin baten alde. Moventis TCC borrokan lelopean mobilizatu ziren. TCC da zerbitzuaz arduratzen den enpresa, baina euren lan-baldintzak eta autobus-zerbitzua hobetuko dituen itun baten alde ari da borrokan villavesetako plantilla.
Langile-batzordeak larunbatean jakinarazi zuen ez dela lanuzterik izango ekainean zehar, hitzarmenari buruzko negoziaketari "marjina ematea" bilatuko baitute. Hala ere, hurrengo hilabetean aurrerapenik egiten ez bada, greba mugagabera jotzea aukera bat dela azaldu zuen. Langile-batzordeko presidentearen hitzetan, "geldirik" dago egoera une honetan, ez baita aurrerapausorik izan "ez Mankomunitatearekin ez enpresarekin".
Plantillak hilaren 31n egingo du hurrengo lanuzte partziala. Asanbladan biltzen jarraituko dute beharginek ekainean, eta euren helburua da, uztaila hasten denerako, itun berria sinatuta egotea. Itxura denez, enpresak mehatxuzko jarrera bat hartu du langileekin, iradokiz ez dela negoziatzera eseriko lanuzteak martxan diren bitartean. Dena den, langile-batzordeak jakin badaki aurreko astean bildu direla TCC eta Iruñerriko Mankomunitatea, eta hurrengo pausoen zain dago orain.
LAS: villavesetako langileekin klase-elkartasuna
Hiri-garraioko langileekin elkartasunez, adierazpen bat argitaratu du Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS). Gogorarazi du villavesetako plantillak denbora luzea daramala borrokan, eta duela hiru hilabete ekin ziela lanuzte partzialei. "Hainbat galera salatzen dituzte", azaldu du: "Soldata errealaren galera, haien osasuna eta guztion segurtasuna arriskuan jartzen dituzten lan-erritmo frenetikoak, lan-erritmoa azkartzeko eta lanera lehenago sartzeko presioak, edo autobusen flotaren egoera tamalgarri eta arriskutsua, besteak beste".
Egoeraren erantzuleak seinalatu ditu LASek, alegia, Moventis TCC eta Iruñerriko Mankomunitatea. Enpresari dagokionez, villavesen zerbitzua emateko lehiaketa irabazi zuenez, "finantziazio publikotik ia 700 milioi euro jasotzen ditu", baina okerrera egin dute beharginen baldintzek, LASen esanetan. Bestalde, Mankomunitateak garraioaren zerbitzua azpikontratatzea gaitzetsi du, nabarmenduz "gastuak murrizteko eta kudeaketaren zama burokratikoa aurrezteko" jotzen duela azpikontrataziora.
Gainera, autodefentsa-sareak oroitarazi du "greba-eskubidearen ukazio erreala" jasan behar izan dutela villavesetako langileek, "epaileen laguntzarekin", %60ko gutxieneko zerbitzuak inposatu baitizkiete. "Hori, ordea, ez da langileen antolaketarako oztopo bakarra", jarraitu du: "Urtero 33.000 ordu gehigarri eta osagarri egitera behartuak dauden bitartean, enpresak behin-behineko langileak kontratatzen jarraitzen du lanaldi partzialekin". Hala laburbildu du egoera: "Zerbitzu horren kudeaketa kapitalista, instituzioentzat kostuak aurreztu eta etekinak sortzea helburu duena, lan-baldintzen okertze eta langileon antolaketa-eskubideen aurkako eraso bilakatzen da".