1990. urtean atxilotu zituzten Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal, beste hainbat lapurtarrekin batera, eta ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta kartzelaratu zituzten. Bizi guztiko espetxe-zigorra jarri zieten, eta 32 urte daramatzate preso Frantziako Estatuan. Parotek, berez, 2005etik zuen baldintzapean aske geratzeko aukera, eta Esnalek, 2008tik. Hori dela-eta, Parotek sei aldiz eskatu du baldintzapean aske geratzea, eta birritan Esnalek. Orain arte atzera bota dituzte eskaera guztiak, baina berriki jakinarazi dutenez, oraingoan Parisko Dei Auzitegiak onetsi egin du bi preso politikoak baldintzapean aske uztea.
Beraz, urtebeteko proba egingo dute baldintzapean. Aurrerantzean etxean beteko dute garaian ezarri zieten zigorra, eta eskumuturreko elektronikoa izan beharko dute denbora horretan guztian, kontrolatuta egon daitezen. Horren ostean, beste hamar urtez egongo dira baldintzapeko askatasunean, baldintza gogorrekin.