ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/06 13:47
Tubacex enpresak iragan asteazkenean berrabiatu zuen jarduna Aiaraldean dituen lantegietan, eguerdiko 14:00etan. Aurreko gauean heldu zitzaien lanpostuetara itzultzeko jakinarazpena langileei. Martxoaren 30ean itxi zituzten fabriketako ateak, Espainiako Gobernuak "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoaren" etetea agindu zuenean. Ordura arte, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, martxan zen enpresa.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Industria Ministerioak egindako argipenak medio, Tubacexek aurrerantzean jardunarekin jarraitzea posible izango dela dirudi. Fabrikak ireki baino egun bat lehenago izan zuen erabakiaren berri langileen batzordeak, eta sindikatuek hurrengo egunean izan zuten bilera enpresako zuzendaritzarekin, ekoizpena berraktibatzeko erabakiaren inguruko xehetasunen inguruan. Batzarra egin aurretik, Jaurlaritzaren onarpena sostengatzen zuten argudioekin desados zeudela adierazi zuten sindikatuek.

Michelin eta Sidenor ere abian

Bestalde, gaur atera da argitara Michelin eta Sidenor enpresek ere Aste Santuaren ostean ekingo diotela jardunari. Michelin enpresaren kasuan, martxoaren erdialdean itxi zituen Hego Euskal Herrian dituen bi lantegiak, baina apirilaren 14an zabalduko ditu berriro. Gasteizen (Araba) eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) ditu fabrikak. Aste honetan, mantenu lanak hasiko dituzte jada, eta Gaztela eta Leonen dituen lantokietan ere abian jarriko dira.

Michelinen, Espainiako Estatu mailan, 7.500 behargin dira martxoaren erdialdetik lan erregulazio txostenen eraginpean daudenak. 3.300 Gasteizko lantegikoak dira, eta 500, Lasarte-Oriakoak.

Sidenor enpresan ere hilaren 14an hasiko dira lanean langileak, martxoaren 30ean lantokiak zarratu baziren ere. Tubacex enpresarekin gertatu modura, ordura arte, Sidenor fabriketako jarduna ez eteteko eskaera egina zuen Eusko Jaurlaritzak.

Orain, lantokiak itxita egon diren egunetako lan-orduak berreskuratu beharko dituzte bi enpresetako langileek.