Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Industria Ministerioak egindako argipenak medio, Tubacexek aurrerantzean jardunarekin jarraitzea posible izango dela dirudi. Fabrikak ireki baino egun bat lehenago izan zuen erabakiaren berri langileen batzordeak, eta sindikatuek hurrengo egunean izan zuten bilera enpresako zuzendaritzarekin, ekoizpena berraktibatzeko erabakiaren inguruko xehetasunen inguruan. Batzarra egin aurretik, Jaurlaritzaren onarpena sostengatzen zuten argudioekin desados zeudela adierazi zuten sindikatuek.
Michelin eta Sidenor ere abian
Bestalde, gaur atera da argitara Michelin eta Sidenor enpresek ere Aste Santuaren ostean ekingo diotela jardunari. Michelin enpresaren kasuan, martxoaren erdialdean itxi zituen Hego Euskal Herrian dituen bi lantegiak, baina apirilaren 14an zabalduko ditu berriro. Gasteizen (Araba) eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) ditu fabrikak. Aste honetan, mantenu lanak hasiko dituzte jada, eta Gaztela
eta Leonen dituen lantokietan ere abian jarriko dira.
Michelinen, Espainiako Estatu mailan, 7.500 behargin dira martxoaren erdialdetik lan erregulazio txostenen eraginpean daudenak. 3.300 Gasteizko lantegikoak dira, eta 500, Lasarte-Oriakoak.
Sidenor enpresan ere hilaren 14an hasiko dira lanean langileak, martxoaren 30ean lantokiak zarratu baziren ere. Tubacex enpresarekin gertatu modura, ordura arte, Sidenor fabriketako jarduna ez eteteko eskaera egina zuen Eusko Jaurlaritzak.
Orain, lantokiak itxita egon diren egunetako lan-orduak berreskuratu beharko dituzte bi enpresetako langileek.