47 urte igaro dira 1976ko martxoaren 3tik. Egun horretan, Espainiako Trantsizioko autoritateen aginduz, Gasteizko (Araba) Zaramagako eliza batean bilduta zeuden milaka langileren kontra jo zuen Espainiako Poliziak. Ehunka behargin zauritu zituzten polizia-indarrek, eta tiroz erail zituzten bost behargin: Bienvenido Pereda Moral, Francisco Aznar Clemente, Jose Castillo Garcia, Pedro Maria Martinez Ocio eta Romualdo Barroso Chaparro. Hurrengo asteetan izan ziren protestetan, gainera, beste bi langile hil zituzten.
Ohi bezala, Mugimendu Sozialistak hainbat ekimen antolatu ditu gaurko, Gasteizko sarraskiaren urteurrenerako. Goizean omenaldiak egin ditu Ikasle Abertzaleakek hiriburuko ikastetxeetan eta campusean, eta, eguerdian, ekitaldi bat izan da Martxoak 3 plazan, Kontseilu Sozialistaren eskutik. Arratsaldeko mobilizazioetan, berriz, Bloke Sozialista bat izan da Gasteizko kaleetan, aldarri argi batekin: Atzoko eta gaurko borrokaz, burgesiaren ofentsiba gelditu.
Langile borrokaren eta politikaren memoria
"1976ko sarraski horretatik denbora asko igaro da, baina memoria kolektiboan idatzita jarraitu du gertakariak", esan du gaurkoan Gasteizko Kontseilu Sozialistak: "Memoria horren barnean aurreko mendean zehar langile mugimenduak aurrera eramandako borroka ugari aurkitzen dira, eta garai horretako lehen lerroko testuinguru politiko zein soziala klase borrokak ezaugarritu zuela edonork identifika dezake".
"Zalantzak ohikoagoak dira, aldiz, egungo egoera ezaugarritzeko orduan, azken hamarkadetan klase kontzientziaren galera nabarmena izan baita, klase kontzientzia langile masa zabaletatik aldenduz", ohartarazi dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Garai batean politikaren esanahia langile subjektuaren iraultza sozialerako pausoetan oinarritzen zen bitartean, gaur egun instituzio burgesetan parte hartzera mugatu da esanahi hori, horretan kateatuz", gaineratu dute.
Burgesiaren ofentsibaren iraunaldia
"Azkenengo urteetan, burgesiaren ofentsibak ezaugarritutako testuinguru sozial bortitzak egoera berri bat mahaigaineratu du: langileriaren zati handi baten bizi-baldintzen okertzea eta demokrazia burgesen autoritarismoaren gorakada", azaldu du Kontseilu Sozialistak gaurko garaiari buruz: "Enpresari handiek zein beraien mesederako estatu kapitalistek abiatutako ofentsiba ekonomiko eta politikoak bide garbia izan du orain arte".
Egoera horretan, gainera, ezkerreko alderdi instituzionalek, "kasurik onenean, erroko ofentsiba hori apaltzeko saiakera antzuak" egiten dituztela salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Azken batean, miseriaren kudeaketan eginkizun bat izatera kondenatuta daudela erakusten dute", diote.
Klase independentzia oinarri
Kontseilu Sozialistak dei egin du "erasoaldi burgesak ezaugarrituriko testuinguruari eta kondenatu nahi gaituzten miseriazko etorkizunari" aurre egitera. "Martxoaren 3ak, aurreko hilabeteetako langile borrokak eta aurreko mendeko langileriaren esperientzia politikoek ikaspen garrantzitsuak utzi dizkigute. Horien artean, klase independentziaren oinarria dago", aldarrikatu du.
"Enpresari handien eta politikari profesionalen forma politikoetatik era independentean kontrajarriko zaion antolakuntza sustatu behar dugu, kolpatuak izaten ari garen uneotan, proletariotza agente politiko indartsu gisa agertzen hasteko eta langileriaren interesen menpe egongo den estatu sozialista eraikitzeko", ondorioztatu dute Kontseilu Sozialistako kideek urteurren honetan.